Garraio publikoa sustatzeko kanpaina ari da egiten foru aldundia 16 Martxoa 2017

Garraio publikoaren erabilera bultzatzeko helburuarekin kanpaina abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Goierrin. Goierritarren mugikortasun ohiturak aldatu eta ibilgailu pribatuen ordez autobus publikoen erabilera sustatu nahi du. Atzo, martxoak 15, hasi zen kanpaina. Lazkaoko Udalak bat egin du kanpainarekin, eta herritarrak animatu nahi ditu garraio publikoa erabiltzera.


Marisol Garmendia diputatuak emandako datuen arabera, Lurraldebusek gero eta linea gehiago eskaintzen ditu Goierrin, eta erabiltzaile kopuruak ere gora egin du. Lazkao-Ospitalea linean, adibidez, %46,7 hazi da erabiltzaile kopurua, eta Legorreta-Ataun linean (Lazkaori dagokiona) %23.


Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoaren zerbitzua hobetzen jarraitu nahi du, herritarren lehen aukera izan dadin. Zer hobetu ere bada oraindik, eta aldundiak iragarri duenez, hainbat hobekuntza egingo ditu, tartean, esaterako, markesinetako informazio paneletan. Goierrin abiatu duen kanpainarekin eskualdeko biztanleek garraio publikoa erabiltzeko duten joera saritu nahi du aldundiak.


Aitana eta Paula Etxeberria abeslariak, Iñaki Murua bertsolaria eta Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Julen Goia Ampo Ordizia errugbi taldeko jokalaria eta Lurdes Zurutuza Ataungo baserritarra dira kanpainako irudiak.

Informazio gehiago: www.lurraldebus.eus

Goierriko Rallya dela eta, Lazkaomendirako errepidea itxita egongo da larunbat arratsaldean 16 Martxoa 2017

Larunbatean jokatuko da Goierriko 4. Rallysprinta, Lazkaon hasita. Herriko plazan egingo dituzte egiaztapen teknikoak, eta Lazkaomendiko bidean hasiko da rallya, hilerri parean. 09:00etatik 11:30era egingo dituzte egiaztapen teknikoak, eta 13:00etan hasiko dira autoak irteera puntura mugitzen. Beraz, proba hasten denetik bukatu arte Lazkaomendiko errepidea itxita egongo da.

Larunbaterako trafiko mugimendu handia aurreikusten da, beraz, Lazkaoko Udalak arretaz ibiltzeko eskaria egiten die herritarrei eta bisitariei. Euskal Automobilismo Federazioak egindako deiarekin bat eginda, rally probarako eta herrigunerako zehaztutako segurtasun arauak errespetatzea eskatzen da, eta trafikoa eta proba erregulatuko duten pertsonei kasu egiteko. Horrez gain, Lazkaomendi ingurua eta proba egingo den eremua zaintzeko eskatzen da, baserri bideak eta lurrak zaindu eta txukun uzteko.

Guztira 60 autok parte hartuko dute Goierriko Rallysprintean: 53k abiadura lasterketan eta 7k erregulartasun proban. Rallyarekin lortutako dirua Aspanogi elkartearentzat izango da.

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga 07 Martxoa 2017

Datorren ostiralean, martxoak 10, 2017ko ekitaldiko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren helbidetatutako erreziboak kobratuko ditu Lazkaoko Udalak. 2017ko urtealdiari dagokion Zerga eta Prezio Publikoen Egutegi Fiskalean zehazten den bezala, trakzio mekanikodun ibilgailuen zerga ordaintzeko epea martxoaren 30ean amaitzen da.

Aste Santuko oporretan aisialdi zerbitzua eskainiko du udalak 07 Martxoa 2017

Aste Santuaren bueltako oporretarako aisialdi zerbitzua eskainiko du Lazkaoko Udalak. Aisialdi orduetan, umeek, jolas giroan, hainbat jarduera, tailer eta ekintza egingo dituzte. Apirilaren 10, 11 eta 12an, eta 18, 19, 20, eta 21ean eskainiko da zerbitzua, 10:00etatik 13:00etara, Areria kultur gunean. Haur Hezkuntzako 3.mailatik Lehen Hezkuntzako 6.mailara arteko umeentzat izango da (2005 eta 2013 urteen artean jaiotakoentzat).

Guztira 80 haurrentzako lekua egongo da, eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Zerbitzua erabili ahal izateko, kiroldegian utzi behar da izen emate orria, martxoaren 19a baino lehen. Haur bakoitzak 21 euro ordaindu beharko du (ordainketa kontu korronte bidez egingo da).

'Emakumea eta kirola' mahai-ingurua 03 Martxoa 2017

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin du aurten ere Lazkaoko Udalak, Azki emakumeen elkartearekin, Gaztelekuarekin eta San Benito Ikastolarekin elkarlanean. Bihar, martxoak 4, hasi eta hilaren 30era arte antolatu dituzte ekintzak.

Udalak martxoko ekitaldiak antolatzerakoan gazteek egindako ekarpen ugariak eskertu nahi ditu, baita Azki elkartearen parte hartzea ere, berdintasuna denon ardura baita. Hala, Martxoaren 8rako herriko beste eragile batzuekin batera hasitako bidea indartzea izango da aurrerantzean helburua. Berdintasun batzordearen lan ildoa emakumeen ahalduntzearen alorrera zuzenduta dago, eta berdintasun plan bat martxan jartzeko lanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdinbidean aholkularitza zentroarekin batera.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren ondoren, urtean zehar iritsiko diren beste data esanguratsu batzuetarako ekintzak prestatzen jarraituko du Lazkaoko Udalak.

EGITARAUA:

  • Martxoak 4 (16:00): Zinekluba Gaztelekuan
  • Martxoak 5 (16:00): Argazki murala Gaztelekuan
  • Marxoak 6 (16:30): Hitzaldia Arerian Azkik antolatuta: "Ante una situación laboral mala, ¿Quién se quedaría en casa, el hombre o la mujer?
  • Martxoak 7: Azkiren irteera Donostiako Aquiariumera.
  • Martxoak 8: Azkiren 21.urteurrena
            - 17:00: Txokolate jana kideentzat
            - 21:00: Antzerkia Arerian. Urrup taldearen "Todas las Evas". Sarrera doan herritar guztientzat.
  • Martxoak 9: Hitzaldia Arerian. Yolanda Cervera: "El papel que ha representado la mujer en la historia".
  • Martxoak 11-12 (16:00-20:00): Autodefentsa feminista tailerra gazteentzat Gaztelekuan
  • Martxoak 11: Azki elkarteko bazkideen afaria eta dantzaldia Orobionen
  • Martxoak 13-17: San Benitoko batxilergoko ikasleen horma irudi pintaketa
  • Martxoak 18-19 (16:00-20:00): Genero tailerra gazteentzat Gaztelekuan
  • Martxoak 25 (18:00): Emakumea eta kirola mahai inguru irekia Arerian
  • Martxoak 30: San Benitoko DBHkoen saioak: "Berdintasuna, denon erantzukizuna"

 

 

Lazkaomendirako errepidean lanak egingo dituzte astelehenetik aurrera 03 Martxoa 2017

Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak egingo ditu Lazkaomendirako bidean. Errepidearen kontra dagoen horma bat egoera txarrean dago, eta hura berritzeko lanak egingo dituzte astelehenetik aurrera. Lanek irauten duten bitartean kamioientzat itxita egongo da errepidea. Gainerako ibilgailuek errepidea erabili ahal izango dute, baina arretaz gidatzeko deia egiten da, jarriko diren seinaleei eta lanean ariko diren langileei kaso eginez.

Festetako helduen danborrada antolatzeko bilera astelehenean da 02 Martxoa 2017

Lazkaoko San Prudentzio jaien barruan egiten den helduen danborrada antolatzeko lehen bilera/entsegua astelehenean izango da, martxoak 6, 19:00etan, San Benito Ikastolaren San Prudentzio eraikineko patioan.

Bilera irekia izango da, danborradan parte hartu nahi duten 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta. Besteak beste, entseguen antolaketa zehaztuko da bileran. Garrantzitsua da danborradan parte hartu nahi dutenak asteleheneko bilerara joatea, bildutako jende kopuruaren arabera erabakiko baita danborrada egingo den edo ez.

Su Ta Gar taldearen kontzerturako sarrerak Arerian egongo dira salgai asteburuan 01 Martxoa 2017

Su Ta Gar taldeak Lazkaon egingo duen kontzerturako sarrerak Arerian eskuratu ahal izango dira asteburuan. Larunbatean eta igandean, zimena ordutegian jarriko dira salgai. Sarrera bakoitza 20 euroan eskuratu ahal izango da. Gaur, bihar eta ostiralean eta astelehenetik aurrera, udaletxean erosi ahal izango dira.

Talde eibartarrak martxoaren 10ean, ostirala, egingo du kontzertua Lazkaon, “Maitasunari Pasioa” azken lana aurkezteko. Areria aretoan izango da emanaldia, 22:00etan hasita.

Hiribarren kalea itxita egongo da astelehenetik aurrera 24 Otsaila 2017

Iturgaitzagako eremuan egiten ari diren lanak direla-eta, astelehenetik aurrera Hiribarren kalea itxita egongo da ibilgailuentzat. Hala, zirkulazioa Iturrialdea kaletik bideratuko da. Trafiko aldaketak aste bat irautea aurreikusten da. Lazkaoko Udalak dei berezia egiten du inguruan jarriko diren seinaleei kasu egiteko, eta ahal dela Hirigoien kaleko sarrera erabiltzeko.

Asteartean ez da Pausoka egitasmorik egingo 23 Otsaila 2017

Inauteriak direla eta herriko ikasleek jai dutenez, datorren asteartean, otsailak 28, ez da Pausoka egitasmorik egongo. Oinez ibiltzeak eta kirola egiteak osasunerako dituen abantailak kontuan hartuta Lazkaon jarritako egitasmoa da Pausoka, lagunartean kirola egitera bultzatzen duena. Asteartero herriko plazan elkartzen dira parte hartzaileak, 10:30ean, eta herrian zehar ibilbidea egiten dute. San Benito Ikastolak, Orobione jubilatuen elkarteak, Osakidetzak eta gerontologikoak bultzatutako egitasmoa da.

Asteartean osoko bilkura egingo du Lazkaoko Udalak 23 Otsaila 2017

Asteartean, otsailak 28, ohiko osoko bilkura egingo du Lazkaoko Udalak. 19:00etan izango da, pleno aretoan. Hau da gai zerrenda:

  •  Aurreko akta (2017ko urtarrialren 31koa)
  • Alkatetzaren ebazpenen berri ematea
  • Etxeko Laguntzaren zerbitzuaren kontratazio espedientea eta lizitazio deialdia.
  • Kirol zerbitzuen kontratazio espedientea eta lizitazio deialdia.
  • Kreditu gehigarri bidezko 1 zbk.dun kreditu aldaketa.
  • Gurutze 1-6ko birurbanizazio lanak egiteko kontratazio espedientea eta lizitazio deialdia.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoko herritarren partaidetzarako erakunde arteko espaziora atxikitzeko erabakia.
  • Diru laguntzak emateko ordenantza orokor arautzailea.
  • Martxoaren 8 egunaren inguruko mozioak.
  • Galderak eta erreguak.

 

Umeentzako zine emanaldirik ez da egongo asteburuan 23 Otsaila 2017

Inauteriak direla eta, asteburu honetan ez da haurrentzako zine emanaldirik egongo Arerian.

Haritzi Haundi itxita egongo da asteburuan 21 Otsaila 2017

Iberdrolak Harizti gainetik igarotzen diren tentsio altuko bi lineatan egin behar dituen lanak direla eta, asteburuan, otsailak 25 eta 26 (larunbata eta igandea), Harizti Haundi futbol zelaia itxita egongo da.

 

 

Fitosanitarioen ikastaroa egingo da martxoan 21 Otsaila 2017

Fitosanitarioen ikastaroa egin ahalko da Lartxai elkartean, martxoaren 20tik 24ra bitartean, egunero 15:00etatik 20:0etara. Guztira, 25 orduko ikastaroa izango da. Bertan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, udaletxean, 943 08 80 80 telefono zenbakira deituta edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera mezu bat bidalita. Matrikula 40 euro kostako da, eta izena emateko azken eguna martxoaren 10a izango da. Ikastaroa antolatzeko gutxienez 40 pertsonak eman behar du izena.

Su Ta Gar-en kontzerturako sarrerak salgai daude udaletxean 21 Otsaila 2017

Su Ta Gar taldeak Lazkaon egingo duen kontzerturako sarrerak udaletxean daude salgai, 20 euroan. Kontzertua martxoaren 10ean izango da, ostirala, 22:00etan Arerian. "Maitasunari Pasioa" azken lana aurkeztuko du taldeak, aretoz areto egiten ari den biraren barruan. 

Esneari buruz aritu dira Iztuetakoak 17 Otsaila 2017

"Lazkao. Ezagutu gure eskaintza" proiektuaren barruan, esneak ematen dituen aukerei buruz aritu ziren atzo herriko Iztueta baserriko arduradunak. Esnearen onurez eta osasunerako dituen abantailez gain, elikagai bezala esnea nola erabili litekeen azaldu zuten, eta saioaren amaieran Kuko jatetxeko Iker Markinezek postre goxo bat egin zuen. 

 

Merkataritza eta ostalaritza guneak berritzeko diru laguntzen oinarriak onartu dira 16 Otsaila 2017

Lazkaoko Udalaren 2015-2019 plan estrategikoaren barruan zehaztutako helburu nagusien artean dago herriko ekonomia sustatzea. Horretarako, ezinbestekotzat du merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu mailan herriko eragileekin elkarlana bultzatzea, sektoreak herriko ekonomian aberastasuna eta enplegua sortzen dituelako. Helburuak betetzeko bidean, Gobernu Batzordeak merkataritza eta ostalaritza sustatzeko diru laguntzen oinarriak onartu ditu. Guztira, 10.000 euro emango ditu aurten udalak.
 
Diru laguntza hauek 2017an Lazkaon irekitako merkataritza eta ostalaritza jarduera berrientzako eta indarrean dauden jardueretan urtean zehar egindako berritze eta modernizazio lanetan laguntzeko izango da. Laguntzak udaletxean eskatu behar dira, 2017ko abenduaren 31 baino lehen. Laguntzak eskatzeko aukera izango dute Jarduera Ekonomikoaren Gaineko Zergan alta emanda duten Lazkaoko merkataritza eta ostalaritza jardueren titularrek.  
 
Irekitze berria izateagatik 250 euroko zenbatekoa finkatu du udalak. Lokalak egokitzeagatik, berriz, justifikatutako gastuen %12 (gehienez 1.000 euroko mugarekin).  
 
Tokiko ekonomia sustatzeaz gain, eta merkataritza dagoen tokian bizia dagoela kontuan hartuta, herria girotzea da udalaren helburua, Lazkaok herri bizi bat izaten jarraitu dezan.

 

San Jose auzoan mantenu eta berritze lanak egingo dira 16 Otsaila 2017

Datozen egunetan hasita, hainbat mantentze eta berritze lan egingo ditu udalak San Jose auzoan. Besteak beste, hiri altzariak eta barandak margotuko dira. Lanen iraupena hiru eta lau aste ingurukoa izatea aurreikusten da.
 
Lazkaoko Udalak herriko hainbat gune balioan jartzeko asmoz iaz hasitako mantentze lanen prozesuan txertatu du San Jose auzoa ere. Iaz Gurutze eta San Prudentzio auzoetan egin bezala, San Josen egingo dira orain lan horiek.

Gida baimena euskaraz atera dutenei diru laguntza emango die Lazkao Udalak 16 Otsaila 2017

Gida baimena euskaraz atera duten herritarrei zuzenduta, 1.500 euroko diru laguntza onartu du Lazkaoko Udalak. Autoan edo motorrean ibiltzeko baimena 2016an euskaraz atera eta diru laguntza jasotzeko eskaria egin dutenak 15 izan dira. Beraz, pertsona bakoitzak 100 euroko laguntza jasoko du.  
 
Geroz eta lazkaotar gehiago dira gida baimena euskaraz ateratzera animatzen direnak, eta Lazkaoko Udalak bide horretan jarraitu nahi du, hala egiten dutenak sarituta.

Jaiak antolatzeko hirugarren bilera martxoaren 1ean da 16 Otsaila 2017

Datorren martxoaren 1ean egingo da San Prudentzio jaiak antolatzeko bigarren bilera. Udaletxeko batzar aretoan izango da, 19:00etan. Udaletik herritar guztioi luzatzen dizuegu bileran parte hartzeko deia.

Iturgaitzagako urbanizazio proiektuaren laugarren fasea aste honetan hasiko da 15 Otsaila 2017

Iturgaitzagako garapeneko urbanizazio proiektuaren barruan, datozen egunetan emango zaio hasiera laugarren faseari. Fase honetan gaur egun Iturgaitzagan eraikita dagoen saihesbidea Lazkaomendi aldera deplazatuko da, eta Lazkaomendiko bidegurutzean eraikitako biribilgunetik erdiguneraino, bi norabideko bidea eta bidegorria eraikiko dira. 

Bide zati berriak eta bidegorriak jada Maizpide euskaltegiraino irekita dagoen bidearekin bat egingo du. Hala, euskaltegi parean hasi eta ia Lazkaomendirako biribilgunera arte luzatuko da bide berria eta bidegorria. 

Lanen iraupena sei eta zortzi hilabete artekoa izango dela aurreikusten da. Denbora tarte horretan, lanek eragin zuzena izango dute barianteko trafikoan, lanak egin ahal izateko errepide estutzeak eta mozketa puntualak egin beharko baitira. Udaletik arretaz gidatzeko deia egiten da, eta errepidean jarritako seinaleei kasu egiteko eskatzen da. 

Lan hauen ejekuzioa aprobetxatuz, Lazkaomendirako oinezkoen pasoa egiteko proiektua ere martxan jarriko da. Oinezkoen azpiko pasoari dagokionez, Maizpide euskaltegiaren parean eraikiko da, eta bidea bariante azpitik pasako da. 

Iturgaitzaga eremurako diseinatutako urbanizazio proiektua laugarren fasera iritsiko da saihesbidea desplazatzeko lanekin. Saihesbideko obra eta bide berria egiteko lanak 933.140 euroan esleitu dira, eta lanan kostua Iturgaitzagako promotoreen gain geratzen da. 

Lazkaomendiko biribilgunea egieko lanak egin ziren lehen fasean, bigarren fasean Iturgaitzaga kaleko lanak egin ziren, eta errealojoko etxebizitzak ondoren. Hirugarren fasean Hiribarren kaleko lanak egiten dira gaur egun.

SARREREN BOTOIA 02zahar

Agenda

28 Eka 2019 19:00 – 21:00

02 Uzt 2019 00:00 – 23:59

03 Uzt 2019 22:00 – 23:59

09 Uzt 2019 00:00 – 23:59

11 Uzt 2019 22:00 – 23:59