Albisteak

Gazte laguntzaileei zuzendutako bekak emango ditu aurten ere Lazkaoko Udalak, Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin garapeneko lankidetza ekintzetan parte hartzeko.

Lazkaoko gazteek garapeneko lankidetza ekintzetarako sentiberatzea eta gazteen artean herrialdeen eta kulturen elkartasun-baloreak sustatzea da laguntza hauen helburua.

Herriko gazteei zuzenduta egongo da. 20 eta 30 urte arteko gazteek egin ahalko dute eskaera. Eskaera egiteko gutxienez urte bete lehenagotik herrian erroldatuta egon beharko da, eta ezingo du lan harremanik izan GKE batekin. Eskaria egiten duten pertsona bakoitzak, gehienez 2.000 euroko laguntza jasoko du. Udalak 6.000 euroko aurrekontua zehaztu du laguntza hauetarako, eta laguntzak eskatzeko epea urte amaiera artekoa izango da. Eskaerak udaletxeko harrera bulegoan aurkeztu beharko dira (agiriak bertan eskura daitezke).

Beka jasotzeko huatagaiak aukeratzeko honako irizpideak hartuko ditu kontuan udalak:

  • Jarduera egin behar den herrialdeko hizkuntza edo ingelera ezagutzea.
  • Herrialdean landu behar den lan egitasmoa.
  • Gobernuz Kanpoko Erakunderen bateko partaide izatea eta lankidetzarako harremana izatea.
  • Aurreko urteetan programa honetan parte hartu ez duten gazteek izango dute lehentasuna.

Diru laguntza jaso ahal izateko bete behar diren baldintzak, berriz, honakoak dira:

  • Jarduera egin behar den herrialdean ekintza bukatu arte irautea, gutxienez hiru aste.
  • Proposatutako denboraldirako istripu edo gaixotasun aseguru bat kontratatzea.
  • Osakidetzak emandako osasun aholku guztiak betetzea.
  • Programa bukatutakoan, egindako lanaren memoria aurkeztea.
  • Helburu berdinerako beste laguntzarik ez jasotzea.