Lazkaoko Udalak gazteei zuzendutako diru laguntza berri bat onartu du 2018ko aurrekontuen barruan: herriko gazteak emantzipatu ahal izateko alokairurako laguntzak emango ditu.

Diru laguntza 18 eta 35 urte arteko lazkaotarrei zuzenduta egongo da, eta laguntza hori jaso ahal izateko honako baldintzak bete beharko dira:

  • Gutxienez urtebeteko iraupena duen alokairu kontratu bat izatea.
  • Etxeko kideen artean inor ezingo da etxe-jabea izan.
  • Etxeko kideetako bat gutxienez hiru urtez Lazkaon erroldatuta egon beharko da.
  • Laguntza eskatzen duen kidea bakarrik bizi bada, bere diru sarrerak gehienez 27.000 eurokoak izango dira. Etxebizitza horretan kide bat baino gehiago bizi bada, kopuru hori ezingo da 39.000 euro baino gehiagokoa izan.
  • Hilean 550 eurotik gorako alokairua duten etxeak baztertu egiten dira.

2018an 20.000 euro bideratuko ditu Lazkaoko Udalak diru laguntza honetara. Laguntzak diru sarreren arabera emango dira, eta 75 euro eta 300 euro artekoak izango dira hilean. Laguntza eskaerak udaletxean egin behar dira. Informazio gehiago nahi duenak ere bertan jasoko du. Laguntzak 2018ko abenduaren 31 baino lehen eskatu ahalko dira.