Albisteak

Gabonetako erakusleiho lehiaketak baditu irabazleak: Errotaundi, Amets Bat eta Ana Kristina Olano dendetako erakusleihoek jaso dituzte boto gehien.

Diploma bat eta produktu ezberdinez osatutako saski bana jaso dute hiru dendetako ordezkariek. Botoa eman dutenen artean bost erosketa bono zozkatu dira. 400 euroko erosketa bonoa Maribel Zabala Castillo-rentzat izan da eta Sara Porras Gonzalez-k, Maria Barriga Vinagre-k, Maribi Apalategi Mintegi-k eta Naiara Anaya Gurrutxaga-k 150 euroko erosketa bono bana jaso dute. Lehiaketan parte hartu duten dendetan erabili ahal izango dituzte erosketa bonoak, urtarrilaren 5era arte.

Merkatariek irudimen handia erakutsi dute eta erakusleiho originalak eta asko landutakoak egin dituzte. Lazkaotarrak herrian erostera animatzeko beste pauso bat izan da erakusleiho lehiaketa. Bigarrenez egin da aurten, eta urtean zehar Lazkaoko Udalak eta LazkaOn merkatari elkarteak elkarlanean antolatu duten azken ekintza izan da.

Urtea ixteko sari ederrez gozatu ahal izango dute saridunek. Urtean zehar, ordea, herriko merkatariek eta ostalariek gehiagotan ere saritu dituzte herritarrak. Izan ere, 2018an zehar hainbat egitasmo jarri dituzte martxan, eta beste hainbatetan ere parte hartu dute: Singular Dendak proiektuan, erosketa bonoen kanpainarekin, denboraldi ezberdinetan egin dituzten azokekin, Lazkao Txiki Kontu Kantari saioak…

Herrikoa sustatzeko

Ekintza hauek guztiak gero eta eskaintza hobea ematera bideratuta egon dira. Izan ere, Lazkaoko Udalak eta LazkaOn merkatari elkarteak, herriko
gainerako merkatariekin eta ostalariekin batera, Lazkao herri bizi bat izatea dute helburu.

Izan ere, ekintza guzti hauekin herrian erostearen garrantzia nabarmendu nahi da, merkataritzak eta ostalaritzak, herriko ekonomiari eta lanpostuei egiten dien ekarpena aintzakotzat hartuz. Lazkaoko Udalaren helburu nagusietako bat herriko ekonomia sustatzea da, eta dendek eta zerbitzuek udalerriaren garapenean duten garrantzia kontuan hartuta. Horregatik, merkataritza eta zerbitzuen alorrean elkarlanaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi du udalak, ekonomia jarduera sustatzeaz gain, merkataritza eta ostalaritza zerbitzu on bat dagoen tokian bizia dagoela sinesten baitu.

Ezin da ahaztu, elkarlan honen beste ardatz nagusi bat herritarrak direla. Horregatik, Lazkaoko Udalak eta LazkaOn elkarteak eskerrak ematen dizkie herriko merkataritzaren eta ostalaritzaren alde egiten duten herritar guztiei; herria bizi mantentzen laguntzen jarrai dezaten eskatu diete.