Etxeberria sendiaren bildumako hainbat tresnekin osatutako erakusketa kultur etxeko erakusketa gelan ikusi ahalko da apirilaren 13ra arte.

Jesus Etxeberria Arrondo Ataungo Intzarzu baserrian jaio zen. Txikitatik izan zuen tresnak jasotzeko zaletasuna. Gaztetan arotza izan zen Etxeberria, tupista (tupia egurrei moldura ematen dien makina da), hain zuzen ere, Muebles Agauntza izeneko aroztegian.

Jesus semea kozkortu zenean, eta lanerako trebe eta gai zela ikusi zuenean, Euskal Herrian bazterrik bazter ibili ziren aita-semeak euskal kulturari dagozkion trasteak biltzen eta aztertzen.

Jesusek Aita Barandiaranengana jotzen zuen askotan jasotzen zituen trasteen berri jakin eta aholkua jasotzera, haren esanahiaz, balioaz eta garrantziaz jakitera. Trasteak jaso eta bildu ezezik, beraien esanahiaren jakin mina izaten zuen Jesusek, antropologo lana ere egin zuela esan dezakegu.

2005. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lazkaoko Udalak elkarlanean Etxeberriatarren bilduma eta altxorra eskuratu zuten.