• Aurrekontua, BEZ barne, 3.588.626,87 eurokoa da eta aurreikusten da lanek 14 hilabete irautea.

 

  • Bi maila ezberdinetan egongo diren bi zerrendetan eraikiko da, galtzada, espaloi eta bidegorriekin. LED luminariak ezarriko dira, mota orotako hornitze eta saneamendu sareak eta eremu berdeak.
  • Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkatea: “gure lehentasuna da Lazkaoko garapen ekonomikoa sustatzea, enpresa berriak erakarri eta lanpostu kualifikatu berrien sorrera bultzatzea”.

Kanpandegi industrialdeko urbanizazio lanak azaro amaieran hasiko dira, eraikin industrialak eraiki ahal izatea ahalbidetzea izanik helburu. Aurrekontua, BEZ barne, 3.588.626,87 eurokoa da eta aurreikusten da lanek 14 hilabete irautea.

Gaur egun, Zubierreka ingurua batzen duen zubia egina dago jada eta baita etorkizuneko Kanpandegi industriagune honetara sarbidea emango duen biribilgunea ere. Azken honek Lazkao, Beasain eta Ataun lotzen dituen trafikoa antolatzen du, Lazkaoko bidegorriari jarraipena emateaz gainera.

Lazkaoko alkate den Kepa Zubiarrainek nabarmendu du Kanpandegi industriagunearen garapena Udal Gobernuaren ildo estrategiko nagusienetako baten pausu garrantzitsua dela: “gure lehentasuna da Lazkaoko garapen ekonomikoa sustatzea, enpresa berriak erakarri eta lanpostu kualifikatu berrien sorrera bultzatzea. Ekonomia indartsu batek bermatzen bait du bizi kalitatea eta ongizatea”.

Kanpandegiko proiektua ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta gauzatu da: maldari egokituz eta lur mugimendu handiak ekidinez. Horrexegaitik, eraikuntza bi zerrendetan garatuko da, bi maila ezberdinetan eraikiaz, eta altura ezberdinetan dauden bi sarbiderekin. Beherago dagoen mailako hustutze lanak lur osagarriarekin konpentsatuko dira, gorago dagoen kaleak behar duen maila lor dezan. Honela, errepidearen alboan dauden bi etxebizitzetatik, Zubigoenaberri eta Belenetxe, bereizten da inguru industriala.

Proiektatuak dauden bideak 7 metro inguruko zabalera dute galtzadari dagokionean eta pabilioien parean geratuko dira aparkalekuak, baterian. Honez gain, 2 metro zabaleradun espaloiak ere aurreikusi dira.

Oinezkoen ibilbideak galtzadaren parean joango dira, malda gehien dagoen eramuetan izan ezik. Gainera, mendebaldeko aldean oinezkoen bide bat aurreikusten da proiektuak mozten dituen hainbat landa bide jasotzeko. Bide horretan ere, biribilgunea zeharkatzen duen bidegorria garatu da, eta industrialdean jarraipena izango du, pabilioietara sarbidea eskainiz.

Zoladura asfaltozkoa izango da, pabilioiko espaloiak hormigoizkoak eta industriagunea inguratuko duen espaloia baldosekin egina. Bidegorria, berriz, asfaltozkoa izango da. 

Ura, gasa, energia elektrikoa, telekomunikazio eta ur zikinen eta euri uren saneamendu sareak ezarriko dira.Argiteria publikoa LED sistemakoa izango da. Oinezkoen ibilbideetan eta beheko bidean zutabe gaineko argiteria ezarriko da; goiko bidean, berriz, pabilioien fatxadetan ezartzea dago aurreikusia.

Eremu libreetan belardiak sortuko dira eta baita biribilgune berria hartuko duen eremuan ere. Bertako espezieen zuhaitzak landatuko dira.

Industriagunera sarbidea iparraldetik burutuko da, 5 adar lotuz: GI-2120 errepidera sartu-irteerak, Zubierreka industriaguneko zubi berria, erdigunera sarbidea eta Kanpandegiko sarbidea.

Kanpandegi