• Ikuskizunaren eguna baino 15 egun lehenago erosi ahal izango dira sarrerak www.lazkao.eus helbidean, edozein momentutan eta gailu ororen bitartez.
  • Ikuskizun baterako dauden eserleku guztien %70a jarriko da salgai sarean eta gainerakoa aurrez Udalean eta egunean bertan Arerian. Prezio berbera izango dute sarrerek sarean edo fisikoki erosi.
  • Urtea amaitu aurretik ‘Amerri!’ eta ‘Goazen!’ ikuskizunez gozatzeko aukera izango dugu Lazkaon.

Jada Lazkaoko kultur ikuskizunen sarrerak online eskura daitezke. Zineko sarrerekin egiten zen eran, ordenagailu, mugikor edo bestelako gailu batekin eros ditzakete erabiltzaileek www.lazkao.eus orrialdearen bitartez, dauden tokian daudela eta edozein gailuren bitartez, herrian programatutako ikuskizunetarako txartelak.

Ikuskizun baterako dauden eserleku guztien %70a jarriko da salgai sarean eta gainerakoa aurrez Udalean eta egunean bertan Arerian. Prezio berbera izango dute sarrerek sarean edo fisikoki erosi. Sarrerak ikuskizuna izan baino 15 egun lehenago jarriko dira salgai.

“Udalerriko aisia eta kultur eskaintza irisgarriagoa da orain” adierazi du Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak. “Gaur egungo merkatuaren jokamoldeei eta herritarren ohiturei jarraiki, beharrezkoa da guretzat gure eskaintza kulturala sarean izan, informazio guztia kontsultatu eta dagokion sarrerak erosteko aukerak ematea”.

Urtea amaitu aurretik Lazkaon izango ditugun honako ikuskizunen sarrerak jarriko dira salgai plataforman:

  • Azaroak 29, arratsaldeko 20:15ean, ‘Amerri!’ Ikuskizuna Arerian. Bertso, prosa, poesia, musika… uztartzen dituen ikuskizuna da eta Andoni Egañak, Andoni Salamerok, Mixel Ducauk eta Carolina Phillipsek hartuko dute parte. Sarrerak ostegun honetan, azaroak 14, jarriko dira salgai 5 euroko prezioan.
  • Abenduak 15, goizeko 10:30ean eta 12:30ean ‘Goazen!’ Arerian. Uda iritsi da beste behin ere eta honekin batera, Basakabi udalekuak bere ateak zabalduko ditu berriz. Pasa den urteko ikasleak, beste ikasle berri batzuekin gurutzatuko dira, denak Basakabiko disziplina zorrotzaren zaindaritzapean. Sarreren salmenta abendu hasieran burutuko da.