• Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkatea: “herritarren beharrei erantzuten dieten aurrekontuak dira eta etorkizun oparo baten zimenduak ezartzen dituena. Egunerokoan hanka bat duena, baina etorkizuneko Lazkaori begira dagoena. Herri zaindu eta bizia helburu”.
  • Aurrekontua Legealdi Plana oinarri landua izan da eta 8 ardatz nagusitan banatu da: Garapen ekonomikoa eta kalitatezko enpleguaren sustapena, kohesio soziala, gure identitatea, kultura eta ingurunearen zaintza, Lazkao osasuntsua, gaztedia eta pertsona nagusien beharrei erantzuna, parekidetasuna, landa eremua eta gobernantza ona.
  • Inbertsioetara 1.500.000 euro bideratuko dira.

Pasa den azaroaren 28an Lazkaoko Udalak egindako Osoko Bilkuran 2020ko aurrekontua onartu zen. EAJ-PNVren aldeko 6 boto eskuratu zituen eta EH Bilduren aurkako 5. Kepa Zubiarrain alkateak eta Eneritz Miranda Ogasun zinegotziak aurrekontuaren xehetasunak aurkeztu dituzte prentsa agerraldian.

Lazkaoko Udalak 2020an 8.137.000 euroko aurrekontua izango du. Alkateak xehetu eran, azken urteetako aurrekontu sozialena izango da: “udal jarduna herritarren ongizatera bideratu dugu, kudeaketa jasangarri eta partekatu baten bidez eta horretarako ezinbesteko da herriaren garapen ekonomikoa bultzatzea”. Bestalde, gehitu du, ”herri baliabideak eraginkortasunez kudeatuz, lazkaotarren benetako beharrei erantzuna emateko tresna izango da”.

“Ideia nagusi horiek gailentzen dira hain zuzen ere osatu berri dugun Legealdi Planean. Berau 2020 hasieran aurkeztuko dugu, baina jada, datorren aurrekontua Gobernu Programa hori oinarri hartuta landu da eta 8 ardatz nagusitan banatu dugu: Garapen ekonomikoa eta kalitatezko enpleguaren sustapena, kohesio soziala, gure identitatea, kultura eta ingurunearen zaintza, Lazkao osasuntsua, gaztedia eta pertsona nagusien beharrei erantzuna, parekidetasuna, landa eremua eta gobernantza ona”.

Azaldu duenez 4 urterako Plangintza Estrategikoa “gure udal jardunaren oinarri da, bertan definitu ditugu gure ildo estrategiko nagusiak, eta baita bakoitzaren baitan garatu nahi ditugun proiektuak ere. Horien baitan osatu dugu 2020ko aurrekontua eta 4 urtetako lanaren abiapuntua izango da”.

Kepa Zubiarrainek aurrekontu “partekatua” dela nabarmendu du: “Legealdi Plana osatzeko herriko hainbat eta hainbat eragilerekin batu gara eta beren beharrak, eskaerak, ikuspegia eta proposamenak luzatu dizkigute. Horiek aintzakotzat hartuak izan dira, noski, Legealdi Planerako, baina baita hori oinarri duen lehen aurrekontua osatzeko ere. Oposizioko alderdiarekin lanketa egin dugu eta beraiek luzatutako proposamenak barneratuak izan dira aurrekontuan. Beraz, herritarren beharrei erantzuten dieten aurrekontuak dira eta etorkizun oparo baten zimenduak ezartzen dituena. Egunerokoan hanka bat duena, baina etorkizuneko Lazkaori begira dagoena”.

Horren adierazle dira inbertsioetara bideratuko diren 1.500.000 euro. Kepa Zubiarrain alkatearen hitzetan “Lazkao herri oparo, kohesionatua eta jasangarria izateko aurrerapauso nabarmena dira aurrekontuan txertatutako inbertsioak”. Beste hainbaten artean, enpresa ehuna sendotu eta kalitatezko enplegua sortzeko, Kanpandegi Industrialdearen urbanizazioa burutuko da eta Ibabe-Hiribarren industrialdean berritze lanen lehen fasea jarriko da abian. Horrez gain, Lazkaoko argiteria LED sistemara egokituko da, CO2 isurketak eta kontsumoa gutxituz, baina argiztapen maila hobetuz. “Jasangarritasunaren bidean aurreikusita ditugun neurrietako bat da” azaldu du alkateak.

Inbertsioen baitan ere, auto-karabanentzat aparkaleku bat egokitzea proposatzen da, “herritarren beharrei erantzun eta hainbat gunetan agerian dagoen aparkaleku arazoa arintzeko lagunduko duelarik”. Gurutze auzoko lur azpiko garajeen bigarren fasearen proiektua garatuko da eta San Prudentzio eta Mikelar auzoetan urbanizazio hobekuntzak garatuko dira. Honekin lotura zuzenean, Areso auzoa berrurbanizatzeko proiektuaren idazketa jarriko da abian eta baita, Lazkaomendira oinezko bide bat sortzeko proiektuaren garapena lantzen hasi ere. Baserri bideetan ere hobekuntzak burutuko dira.

Inbertsioen atalean kokatzen da ere Udalak 2020an gauzatuko duen Kirol eta Kultur ekipamenduen inguruko azterketa eta plana, alkatearen hitzetan, “herriko aisia, kirol eta kultur ekimen eta sormen ekimenei erantzun eta beharrei egokitutako eremuak eskaintzeko helburuarekin”. Era berean, baita, Harizti Futbol Zelaian burutuko diren hobekuntzak ere.

8 ardatz

Eneritz Miranda Ogasun zinegotziak Legealdi Plana oinarri duen eta 8 ardatz nagusitan banatzen den aurrekontuaren ildo nagusiak zerrendatu ditu:

Garapen ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sustatzeko 550.000 euro aurreikusi ditu Udal Gobernuak: beste hainbaten artean, Kanpandegiko Industrialdea urbanizazioa, Ibabe –Hiribarren Industrialdearen berritzearen 1.fasea, eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuei babesa ditu barne.

Kohesio soziala lortzeko 250.000 euro. Proiektuen artean dira etxez etxeko laguntza indartzea, Gizarte larrialdi Zerbitzuak garatzea edota Karitas elkarteari eta Orobione elkarteari bideratutako ekarpenak.

Identitatea, kultura, hizkuntza eta ingurumenaren zaintzarako 350.000 euro. Barne ditu kultur ekimenak eta ekintzen garapena, euskara ikasi eta erabilera bultzatzeko laguntzak edota Beneditarren Fundazioari zuzendutako laguntza.

Herri osasuntsua du helburu Zubiarrain alkateak zuzentzen duen Udal Gobernuak eta horretarako 340.000 euro bideratuko dira. Beste hainbaten artean, kirol elkarteetara zuzendutako laguntzak, Eskola Kirolaren sustapena, Kiroldegiaren eskaintza indartu eta ekimen berriak bultzatzea, edota Pausoka bezalako ekimenei bultzada garrantzitsua ematea. Kirola eta osasuna uztartzea da helburu.

Gaztedia eta pertsona nagusiei zuzenduak izango dira 150.000€. Tartean publiko hauei zuzenki bideratutako aisialdi eskaintza bultzatu eta indartzea du asmo Udalak eta atal honen baitan kokatu ditu ere 3.Munduko herrialdeei laguntzeko programak, tartean, Ifarra-Hegoa.

Parekidetasuna lortzeko bidean aurrera-pausuak emateko 35.000 euro. Berdintasun Plana idatzi aurreikusia eta baita Emakumeen ahalduntzeari eta bisibilizazioari zuzendutako ekimenak lantzea ere.

Landa eremuaren eta baserriaren sustapena eta babeserako 110.000 euro. Tartean, baserri bideak egokituko dira, baserritarren tresneria erosteko laguntzak, Goimen babestu eta bultzatu eta Baserritarren egunerokoa goraipatzeko Baserri Eguna bezalako ekitaldiak bultzatu.

Gobernantza ona: udal antolaketa efizientzia, herritarrarekiko arreta egokian eta gardentasunean oinarritu nahi du udal gobernuak. Horretarako udal antolaketa eta jardunaren inguruko azterketa burutuko da. Gainera, herritarren partehartzea indartu nahi du udalgintzan.

aurrekontuak1 min