• Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkatea: “Lehentasuna herritar ororen osasun-segurtasuna bermatzea da eta birusaren hedapena mugatzea. Horretarako aglomerazioak ekidin behar dira, eta jaiak ezin dira uztartu premisa horrekin. Ezjakina bada ere hemendik egun batzuetara zein izango den egoera, zuhurtziaz eta arduraz jardun eta jaiak bertan behera uztea da egokiena”.
  • Udalak Jai Batzordearekin batera aztertuko du zein urrats jarraitu eta etorkizunean zein jardun egin, behin koronabirusaren pandemia gainditzean.

Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak San Prudentzio jaiak bertan behera utziko direla iragarri du, Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz: “San Prudentzio jaiak, penaz, baina ezin izango ditugu ohiko datetan ospatu. Une honetan bertan behera utzi ditugu. Lehentasuna herritar ororen osasun-segurtasuna bermatzea da eta birusaren hedapena mugatzea. Horretarako aglomerazioak ekidin behar dira, eta jaiak ezin dira uztartu premisa horrekin”. 

Alarma egoeraren amaierari buruzko zalantzek ere bultzatu dute erabakia; izan ere, Espainiako Gobernuak oraingoz apirilaren 11ra arte luzatu duen arren, ez dago oso argi noiz arte luzatuko diren krisiaren ondorioak, une gogorrenak gaindituta ere. Zubiarrainen hitzetan, “ezjakina bada ere hemendik egun batzuetara zein izango den egoera, zuhurtziaz eta arduraz jardun eta jaiak bertan behera uztea da egokiena”. 

Alkateak adierazi zuenez, Udalak Jai Batzordearekin batera aztertuko du zein urrats jarraitu eta etorkizunean zein jarduera burutu, behin koronabirusaren pandemia gainditzean.

txupinazoa 02