ZERGAK ETA TASAK

Atzoko Osoko Bilkuran 2017. urterako Zerga eta Tasak onartu ziren.

Orokorrean 2016ko berdinak mantentzen dira. Aldaketa nagusienak, Zergei dagokienez, OHGZ edo kontribuzioan, eta Tasetan berriz, zaborra, ura eta kiroldegiko zerbitzuetan izango dira.

- ZERGAK

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga

OHGZ edo etxeko kontribuzioari Udalak ipintzen dion tipoa %10 jaitsi da, 1,86522 tik 1,6758.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen balio katastralaren berrikuskapen eta eguneratzea dela eta, aldaketa nabarmenak egon dira. Balio batzuk gora eta beste batzuk behera egin dute. Hori dela eta, batzuen kasuan ordaindu beharreko kopurua gutxitu egingo den arren, beste batzuen kasuan igoerak nabarmenak izango dira.

Udalek ezarri dezaketen tipoa, milako 0,4tik milako 4rainokoa da; Lazkaoren kasuan tipo hori 2016rako 1,86522koa da. Esan behar da, jada gaur egun ere, inguruko herrietako batez bestekoarekin alderatuta ia baxuagoa dela Lazkaokoa. Hala ere, aurtengorako 1,6758ra jaitsiko dela, hau da duela ia 10 urtekoaren antzekoa.

Aurtengorako egin den jaitsiera honekin balio katastrala asko igotzen den kasuetan, igoera guztia urte berean ez izatea lortu nahi da.

- Balio katastralak

Balio katastralen azken berrikuspena 2001ean egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta orain berriz egin du, araudi aplikagarriak balio katastralak eguneratu beharra ezartzen duelako, eta 2001az geroztik aldaketak izan direlako balio horietan.

Balioen eguneratzeak helburu nagusi hauek izan ditu:

- Gipuzkoako Katastroak oinarrizko balio bat eskaintzen duen legezko agiri bat lortzeko aukera ematea, eta balio hori ondasunen edozein transakziotarako baliagarria izatea.

- Berrikuspenetik ateratzen diren balioak higiezinen merkatuaren benetako errealitatera egokitzea, erabilera eta zona bakoitzari emandako balio diferentziak islatu daitezen.

- Balio fiskala higiezinen balio errealera moldatzea, ondasun higiezinen gaineko zergari lotutako kontribuzioen ekitatea hobetu dadin.

Gai honi buruzko azalpen gehiago ematen duen aldundiaren gutun bat banatuko da etxe guztietara. Gutun horretan oraindik gaur egun indarrean dagoen ordaindu beharreko kuota kalkulatzeko agertzen den tipoa 1,86522koa da, baina, esan bezala, hurrengo urterako tipo hori jaitsi egingo da, eta horrek ordaindu behar den kopurua ere murriztuko du.

Ibilgailuak

Ibilgailuen kasuan, kotxe historiko, eta 25 urtetik gora dituztenentzat %100eko hobaria ezarri da.

- TASAK

Tasen kasuan, zaborra, ura eta kiroldegia izan ezik, ez zaie igoerarik aplikatzen. 2016koak mantentzen dira.

Kiroldegiaren kasuan tarifa gehienei, % 5ko igoera aplikatuko zaie. Esaterako kiroldegiko urte osoko bono indibidualak 5,2 euroko igoera izango du. Ikastaroetan, berriz, prezio altuenek ez dute igoerarik izango; gutxien ordaintzen denetan, ikastaroen arteko parekatzea aurkitze aldera, %20 igoera ezarriko da. Hau da gaur egun hiruhileko bonoa 50€ ordaintzen den ikastaroetan, igoera 3,3 euro hileko izango da. Igoera hauek 2017ko irailetik aurrera aplikatuko dira.

Uraren eta zaborraren kasuan, helburua sarrera eta gastuen arteko oreka mantendu edo eta lortzea da.

Horretarako uraren tasa 3,5 igoko da, kontsortziotik aplikatuko den igoera parekatzeko.

Zaborraren kasua berezia da. Une honetan sarrera eta irteeren arteko aldeak 161.000 euroko zuloa suposatzen dio udalari.

Tasa honengatik aurtengorako aurreikusitako diru sarrerak 285.000€ ingurukoak badira, 2017rako Sasietari egin beharreko ekarpena 446.961eurotakoa izango da.

Hau kontutan izanda, 2017 urtera begira, zaborren tasa %20 igotzea aurreikusi da, 19 euro esaterako ohikoena den etxebizitzetako tarifan.

Igoera aplikatuta ere sarrera eta gastuen arteko aldea 105.000 euro ingurukoa izaten jarraituko du.

Ordainketak errazteko egutegi fiskalean aldaketak egitea ere onartu da. Zaborraren kasuan ordainketa guztia txanda batean egin ordez, bitan egingo da: apirilean eta urrian.

Ostalaritzari dagokionez ere, mahaiengatik urtean zeharrerako egiten duten ordainketa bitan banatuko da.