Gabonetako kanpainaren antolaketa martxan, Udala eta Lazkaon merkataritza elkartearen artean

Gabon garaia gainean dugula eta, Lazkao-ko Udala egun hauetarako egitaraua lantzen hasia da. Lazkaoko bizilagunek egun hauetaz herrian gozatzeko aukerak izan ditzaten ekintza ezberdinak planteatu dira: kaleen apaintzea, merkatarien erakusleiho lehiaketa, izotz pista, zinema emanaldiak,… Hau guztia, urtero burutzen diren Gabon ekintza kulturalei gehitu behar zaie: Jaiotza biziduna, Olentzeroren etorrera, Errege kabalgata, eta nola ez, Gabon garaiari amaiera emanez, Lazkaon hain tradiziozkoa den Astotxo Eguna.

Denboraldi honek merkataritza eta ostalaritza sektoreetan duen garrantzia ukaezina da. Horregatik, eta antolaketa guzti honen lanketan elkarlana sustatu asmoz, Lazkaon merkataritza elkartearekin lankidetza akordio bat sinatu da.

Beste behin, herritarrak animatu nahi dira beraien gabon erosketak herrian egitera. Lazkaoko ekonomiarako eta sektorean lanpostuak mantendu eta berriak sortzeko duen garrantzia azpimarratuz. Eta nola ez, esan beharrik ez dago kanpotik datozenak ere ongi etorriak izango direla; Lazkaok asko baitu eskaintzeko.

Erakusleiho Lehiaketarako izen ematea irekita

Udala eta Lazkaon Merkataritza Elkarteak elkarlanean, erakusleiho lehiaketaren antolaketa martxan jarri da aurten ere. Lazkaoko herri-guneko komertzioek irekita dute izen emate epea. Udaletik, merkatariak parte hartzera animatzen dira. Eta herritarrak, erakusleiho onenaren aukeraketan beraien iritzia ematera. Gainera, parte hartzeak, saria izan dezake. Partehartzaileen artean 400 euroko bono bat eta 150 euroko lau bono zozketatuko baitira, komertzio partehartzaileetan erabili ahal izango direnak.