Lazkaoko Udalak, Etxebizitza eta Jarduera Ekonomikorako batzordetik, Ikom Komunikazioa enpresarekin elkarlanean, herriko merkataritza, ostalaritza, zerbitzu eta enpresen eskaintza ezagutu eta inbentariatzeko lan bat burutu du azken hilabetetan. Orain, informazio guzti hori modu erabilerraz batean sailkatu eta herritarren eskura jartzea erabaki du, “Lazkaoko Merkataritza Gida” paperean argitaratuz.

Zenbait jarduera, lokal edo egoitza fisiko konkretu bat ez izateagatik, askotan ez dira erabiltzailearentzat aurkitzeko hain errazak gertatzen. Zerbitzu sektoreko profesio liberalak izaten dira gehienetan. Lazkaon ere, nola ez, badaude horrelako kasuak. Gida honen xedea, herritar guztiek herrian bertan ditugun zerbitzuen eskaintza zabala ezagutu dezatela da. Ezagupena baita erabilerarako lehen urratsa.

Bestalde, Lazkaon langabezia tasa gaur egun %7,7 inguruan dago, konparatiboki beste toki askotakoa baino dexentez bajuago. Zalantzarik gabe datu honetan, ekintzaile guzti hauek paper erabakiorra dute. Gida honek aitorpen bat ere izan nahi du beraz, egunero norbere lanpostua aurrera ateratzeko, edo eta kasu askotan besteentzako lanpostuak mantenduz eta berriak sortuz, diharduten ekintzaile guztientzat. Hauek ematen dutenagatik, Lazkaok, Lazkaotarrei eta Lazkaotik kanpora ere zer eskaini handia dauka.

Datozen egunetan, herriko etxe guztietara banatuko da Lazkaoko Merkataritza Gida. Modu honetan, irailaz ezkero Lazkao.eus web-gunean argitaratuta dagoen gidari paperezko formatua gehituko zaio.

Asko Dugu Eskaintzeko kanpaina

Bide beretik jarraituz, datozen aste eta hilabetetan, Lazkaoko Udaletik kanpaina berri bat jarriko da martxan, “Lazkao: Asko dugu eskaintzeko”. Kanpaina honen benetako protagonista, Lazkaoko merkatari, ostalari, zerbitzu eta enpresa bakoitza izango dira. Izan ere, Udalaren laguntzarekin hitzaldi-jarduera bat antolatzeko aukera zabalduko zaie, beraiek aditu diren gai bat aitzakiatzat hartuta. Modu horretan, beraien buruak herritarren aurrean aurkezteko bide eman nahi da. Lehen hitzaldiak prestatzen hasiak dira, eta datozen asteetan aditzera emango dira.