Larunbatean jokatuko da Goierriko 4. Rallysprinta, Lazkaon hasita. Herriko plazan egingo dituzte egiaztapen teknikoak, eta Lazkaomendiko bidean hasiko da rallya, hilerri parean. 09:00etatik 11:30era egingo dituzte egiaztapen teknikoak, eta 13:00etan hasiko dira autoak irteera puntura mugitzen. Beraz, proba hasten denetik bukatu arte Lazkaomendiko errepidea itxita egongo da.

Larunbaterako trafiko mugimendu handia aurreikusten da, beraz, Lazkaoko Udalak arretaz ibiltzeko eskaria egiten die herritarrei eta bisitariei. Euskal Automobilismo Federazioak egindako deiarekin bat eginda, rally probarako eta herrigunerako zehaztutako segurtasun arauak errespetatzea eskatzen da, eta trafikoa eta proba erregulatuko duten pertsonei kasu egiteko. Horrez gain, Lazkaomendi ingurua eta proba egingo den eremua zaintzeko eskatzen da, baserri bideak eta lurrak zaindu eta txukun uzteko.

Guztira 60 autok parte hartuko dute Goierriko Rallysprintean: 53k abiadura lasterketan eta 7k erregulartasun proban. Rallyarekin lortutako dirua Aspanogi elkartearentzat izango da.