Albisteak

Lazkaoko Udaleko Berdintasun batzordeak eta Goierriko Zubia kolektiboak antolatuta, "Binarismotik harago" hitzaldia egingo du Goierriko Zubia taldeko Gemma Urteagak Lazkaon. Ekainaren 9an izango da, ostirala, 19:00etan, kultur etxeko erakusketa aretoan.

Berdintasun batzordeak herriko zein eskualdeko talde ezberdinekin elkarlanean jarraitzen du, eta elkarlan horretatik sortu da hitzaldi hau ere. LGTBI egunaren inguruan antolatu dute, eta genero eta sexu aniztasuna izango da ardatza. Hitzaldiaren zati handi bat genero binarismotik harago dauden errealitateei buruzkoa izango da.

Goierrin lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen arloan zegoen hutsunean sakondu, eta gaia landuz kolektibo hauen bisibilizazioa lortzea, kolektiboei babesa eskaintzea eta gaiari buruz informazioa ematea da Goierriko Zubia kolektiboaren helburua.

Urte bete pasa da taldea aurkeztu zutenetik, eta ordutik hainbat ekintza egin dituzte Goierrin: informazio guneak jarri dituzte hainbat herriko festeatn, Beasaingo Trans Zikloaren antolaketan parte hartu dute eta hitzaldiak ere egin dituzte.