Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde eta Mugikortasun Diputatua Lazkaon izan da gaur goizean. Bertako bidegorri sarea ikusi eta, bereziki, San Inazio eta Jose Lasa kaleen artean dagoen zubian oinezkoei eta txirrindulariei bideratutako bidegorrian amaitu berri diren lanak bisitatu ditu.

Lazkaoko bidegorri sareak 3,5 km inguru ditu guztira, eta aurten 1,3 km inguruko bidegorri sarea egokituko da. Motorrik gabeko mugikortasunaren alde, oinezkoei eta bizikletei garrantzia ematea Lazkaoko Udalak urteetan egin duen apustua da.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak honako hau azpimarratu du Lazkaora egin duen bisitan: “Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako bidegorrien sarea zabaltzen eta hobetzen jarraitzeko hartutako konpromisoari jarraituko dio, bai bidegorrien foru-sarea, bai lurraldeko udalen mendekoa, kasu honetan bezalaxe. Izan ere, 2018. urteari begira, ahalegin handiagoak egingo ditugu, eta bikoiztu egingo dugu udal-bidegorrietarako aurrekontua (75.000 euro orain arte, eta 150.000 datorren urtean). Legegintzaldiaren hasieratik gure gain hartutako konpromisoa da, eta Eskoriatzan, Anoetan eta Lazkaoko bidegorri honetan egindako lanetan islatu da aurten. Oso pozik gaude diru-laguntza honetan gure ekarpena egiteko aukerarekin. Mugikortasun Departamentuarentzat, oso garrantzitsua da Goierriko bidegorrien sarea osatzen jarraitzea, eta lan hauek erabakigarriak dira sarearen kalitatean beste urrats bat egiteko”.

2005. urtean gaiari zegokion azterketa egin ondoren, oinarrizko bidegorri sarea eraikitzeko lanak martxan jarri ziren Lazkaon. Ordutik, eta urteetan zehar, ugari izan dira bidegorri sare hori egokitzeko, berritzeko eta zabaltzeko edo hedatzeko egin diren lanak.

Herria zeharkatzen duen ardatz nagusia garatzearekin batera, Beasainera eta Ordiziara doazen bidegorriak eraiki dira. Bereizitako bidegorriak egiteko guneak egokitzea ezinezkoa izan den errepide zatietan, oinezkoek eta txirrindulariek lehentasuna izan dezaten guneak egokitzeko ekintzak ere egin dira. Hala nola, oinezkoentzako eta txirrindularientzako arriskutsuak diren puntuetan errepide azpiko pasabideak egokitu dira, arrisku horiek saihesteko neurriak hartuz.
Guzti honek, zalantzarik gabe, herrian oinezkoen eta, batez ere, txirrindularien kopurua nabarmen areagotzea ekarri du. Egin diren aktuazio batzuk, gainera, Lazkao beraren eraldaketa nagusienetakoa ere izan dira. Hiribarren kalearena, esaterako. Bidegorri sare egoki batek, bizi kalitatea ere eskaintzen du.

Oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna bermatzea da helburua
Une honetan Lazkaoko bidegorri sareak 3,5 kilometro ditu. Bere garaian abiatutako bidetik jarraituz, ordea, egokitzeak eta berritzeak ere beharrezkoak dira gaur egun oraindik. Modu honetara, iaz bidegorri sarearen zati batzuetan zorua egokitzeko hainbat lan egin ziren, eta guztira 0,3 kilometro inguru berritu eta egokitu ziren. Aurten beste pauso bat eman da, eta Lazkaoren tamainako herri batentzat, apustu garrantzitsua diren lanak egin nahi dira.

Aurtengorako 1,3 kilometro inguruko bidegorri sarean hainbat berrikuntza egingo dira. Lan horien artean, 0,6 km bidegorri ardatz berriari dagozkionak izango dira, Iturgaitzagako gunean egiten ari diren lanen barruan. Lazkaomendirako bariante azpiko pasabidearekin batera, bidegorri ardatz berria eraikiko da Antzalderaino. Beste lanak, Gurutze auzoko ardatza berritzeko eta San Inazioko zubian egindako lanak dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Departamenduak herriko bizikleta eta oinezkoen bide sarea hobetzeko jarduerak burutzeko programatik 26.850,61 euroko diru laguntza jaso du Lazkaoko Udalak, eta laguntza horrekin San Inazioko zubian hasieran aurreikusi baino aktuazio handiagoa egin ahal izan da, Agauntza eta Areso aldeko bidegorriari luzapena emanez.

San Inazioko zubia herriko ardatz nagusiaren barruan punturik arriskutsuenetakoa zen, oinezkoentzako, txirrindularientzako eta ibilgailuentzako guneak behar bezala bereiztuta ez zeudelako. Egin diren lanekin, ordea, 2,20 metroko zabalera duen bidegorria eta 3,2 metroko espaloiak eraiki dira. Bidegorri zati berriarekin oinezkoek eta txirrindulariek babes handiagoa izango dute orain.