Azaroaren 18an, larunbata, Arerian ikusi ahalko den "Pinotxo, hariekin lotu gabe" musikala aurkeztu dute. Aitor Biain musikaleko zuzendariak eta Ganbara Faktoriako kideak azaldu duenez, "familia osoarentzako musika, dantza, antzerkia, magia, argiak eta ikusentzunezkoak nahasten ditu" musikalak. Bi ordu eta erdi inguruko iraupena du saioak, tartean atseden txiki batekin, eta "argiztapen lan izugarri batekin".

Taula gainera igoko diren aktoreez gain, "lan talde handia" du musikalak atzetik, guztira 75 pertsonatik gora aritzen baitira lanean. Ganbara Txiki abesbatzak ibilbide oparoa du, eta taula gainean nabarituko da kide guztien profesionaltasuna.

Aurtengo ekainean Oñatin estreinatu ondoren, Donostin egin dute herritik kanpoko biraren barruan lehen emanaldia. Lazkaokoa bigarrena izango da, eta ondoren Bilbon (abenduaren 27an) eta Iruñean (urtarrilaren 3an) egingo dute. Hiriburuak kenduta, Lazkao izango da ikuskizuna ikusi ahal izango den herri bakarra.

Oihana Diaz Ganbara Faktoriako idazkariak zehaztu duenez, Oñatin eta Donostian egindako ikuskizunekin, ia 3.000 lagunek ikusi dute musikala. "Harrera oso ona izaten ari da, eta oso pozik gaude emaitzarekin".

Lazkaon ere Areria aretoa bete egingo da. Sarrerak udaletxean eskura daitezke, pertsonako 10 euroan. Ikuskizunaren amaieran musikaleko aktoreekin argazkia ateratzeko aukera egongo da Arerian bertan, eta musikaleko materiala ere erosi ahalko da, tartean argitaratu berri duten musikalaren DVDa. Norbaitek materiala eskuratu nahiko balu Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzita ere eskura dezake.