Gaur egun mundu osoan zehar emakumeek sufritzen dituzten indarkeria egoerak salatzeko hainbat ekintza antolatu ditu Lazkaoko Udalak, San Benito Ikastolarekin eta Azki emakume elkartearekin elkarlanean. Errealitate hori errekonozitzeko lan egiten du udalak Berdintasun Batzordearen bidez, prebentzioa oinarri hartuta. Hala, azaroaren 25aren bueltako ekintzak ere bide horretan antolatu dira.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako jarrera, baina, egun bakarretik egunerokotasunera eraman behar dela irizten du udalak, eta horregatik, herriko norbanako eta eragileekin elkarlanean aritu nahi du. Dagoeneko elkarlan hori San Benito Ikastolarekin, Azki emakume elkartearekin eta Gaztelekuarekin sortuta dago, eta urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dira elkarrekin.

Datorren urtera begira, ordea, beste pauso bat eman nahi du Lazkaoko Udalak, eta bidelagunak zenbatu nahi ditu. Horretarako, berdintasunaren alorrean lan egin edo parte hartu nahi duten lazkaotarrei zuzenduta bilera bat antolatu da abenduaren 12rako. 2018an egin daitezkeen ekintzak planifikatzen hastea da lehen bilera honen helburua. Bilera 19:00etan izango da, udaletxean. Herritar guztiei irekia izango da.

Azaroaren 25aren bueltan, honako ekintzak antolatu dira:

  • Azaroak 23, osteguna:

               - 18:30: “Volar” filmaren emanaldia Arerian. Emakundek bultzatutako filma da, aurten Zinemaldian estreinatu dena. Sarrera doan izango da.

  • Azaroak 24, ostirala:

               - 18:00: “Ezpain gorriak” helduentzako ipuin kontaketa saioa Oihulari Klown antzerki taldeko Dorleta Kortazarrekin,kultur etxean.

               - 19:00: Elkarretaratzea. Lazkao Txiki musika eskolako eta San Benito Ikastolako ikasleen zein Azki emakumeen elkarteko kideen parte hartzearekin.

  • Azaroak 25, larunbata:

               - 11:00etatik 14:00etara: “Zapata gorriak” instalazio artistikoa, munduan zehar desagertutako eta eraildako emakumeak gogora ekartzeko ekintza. Plazan. Norberak oinetako bat eraman behar du, eta margo gorria udalak
                                                    jarriko du. Gorriz margotutako oinetakoekin puntu gorri bat eraikiko da.

Lazkaoko Udalak emakumeen aurkako indarkeria ekintza eta eraso guztiak salatzen ditu.