Lazkaoko Udalak bat egin du Eudelek azaroaren 25aren bueltan onartu duen adierazpen instituzionalarekin.

Honakoa jasotzen da adierazpenean:

Azaroaren 25a dela eta, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, berriz azpimarratzen dugu indarkeria mota honen izaera estrukturala eta gure konpromisoa agertzen dugu emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde. Era berean, nazioarteko zuzenbide-esparruarekin bat, berresten dugu badagoela loturarik genero-arrazoiek eragindako bazterkeriaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean. Emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimei eta hartatik bizirik irtendakoei laguntza-zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa ere bada esku-hartzearen plano guztietan jarduketak planteatzea: Prebentzioa, Detekzioa, Arreta, Babesa, Koordinazioa, Justizia, eta Erreparazioa ere bai.

Emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko dugun konpromisoa oinarritzat hartuz, dagokigun erronka da erreparazio-eskubidea emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzunean sartzeko. Horretarako, eskura izan behar ditugu indarkeriaren eta berorren adierazpide guztien inpaktuak ikusarazten lagunduko duten baliabideak, deslegitimazio soziala xede harturik. Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea, bai indarkeria matxistaren biktimei bai berorien elkargune diren elkarteei, erreparazio-bideak proposatzeko duten zilegitasuna aitortze aldera.

Erreparazio honen helburua indarkeriaren biktimak eta hartatik bizirik irtendakoak guztiz osatzea izan behar da. Hortaz, barne hartu behar du inplikaturiko zerbitzu eta sistema guztiak hobetzea, nola-eta horiek guztiak sistematikoki aztertuz.

Beraz, emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egun honetan, honakoa agertzen dugu:

  • Gure konpromisoa agenda politikoan indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa sartzeko, guztiz osatu daitezen eta indarkeriarik gabeko bizitza-eskubidea gauzatu ahal dezaten.
  • Gure konpromisoa udaletan plan eta neurri estrukturalak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko edo, hala badagokio, abian jartzeko, indarkeria matxistari aurre egitea xede, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin batera, bai halaber gizarte zibilarekin eta herritarrekin oro har.
  • Gure konpromisoa gizartean aldaketa estrukturala bultzatzeko, hartara herri-erakundeak, komunikabideak, lan-, kultura-, gizarte- eta ekonomia-esparruko eragileak zein gizarte osoarenak inplikatu daitezen.
  • Eta gure ardura, indar politiko guztien eta erakundeen adostasunaren bitartez, beharrezkoak diren baliabideak eskura izan daitezen, xedea izanik emakumeen aurkako indarkeria gure gizartetik desagerrarazten aurrera egitea.