Lazkaoko Udalak onartu ditu herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko diru laguntzen oinarriak. Herrian dauden merkataritza eta ostalaritza jarduera berriak sustatzea eta irekita daudenak berritzea eta modernizatzea da laguntza hauen helburua.

Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan alta emanda dauden Lazkaoko merkataritza eta ostalaritza jardueren titularrek eskatu ahal izango dute laguntza, baldin eta 2018an zehar merkataritza edo ostalaritza jarduera bat ireki edo berritu badute. Irekiera berria izateagatik 250 euroko zenbateko finkoa emango du udalak. Lokalak egokitzeagatik, berriz, justifikatutako gastuaren %12-ra arteko laguntza eskatu ahalko da, diru laguntza gehienez ere 1.000 eurokoa izanik.

Lazkaoko Udalak 2015-2019 Kudeaketa Planean jasotako helburu estrategikoen barruan dago herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzea. Hala, hirugarren urtez onartu du laguntza hau. Herriko merkataritzan eta ostalaritzan nabaritzen den dinamismoari sostengua ematea da xedea, Lazkaoko herritarren eskura zerbitzu eskaintza zabal jartzeaz gain, herriko ekonomia eta enpleguaren garapenean zuzeneko eragina duelako sektore honek.

2016 eta 2017 urteen artean, 21 negoziok jaso dute diru laguntza hau, eta guztira 11.000 eurotik gora banatu dira. 2015etik merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorrean ireki eta itxi diren negozioen arteko balantzea oso positiboa da, gaur egun hamar negozio gehiago baitaude Lazkaon. Emaitza hau ikusita, udalak sektore honi bere babesa adierazten jarraitzeko asmoa du, tartean LazkaOn merkatari elkartearekin elkarlanean jarraituz.