Hirigoien kaleko 1 eta 12 atarien artean egiten ari diren lanak direla-eta, hainbat trafiko aldaketa egongo dira astelehenetik aurrera eremu horretan.

Hirigoien eta Jose Lasa kaleek bat egiten duten bidegurutzea trafikoari erabat itxita egongo da, beraz, Hirigoien 12tik gora joan nahi dutenek Ataun aldeko biribilgunetik sartu eta irten beharko dute Lazkaora.

Autobus zerbitzuan ere eragina izango dute lanek. Astelehenean eta asteartean autobusik ez da geratuko Hiribarren eta Lazkao Txiki Zelaia kaleko geralekuetan, autobusa bariantetik joango delako. Ataun aldeko biribilgunetik sartu eta txaletetako geralekuan bakarrik geratuko da. Hirigoien kaleko bigarren geralekua (Itzala tabernaren parekoa) bertan behera geratuko da, eta horren ordez, autobusa Santa Madalenako biribilgunean hartu ahalko da.

Trafiko aldaketak sortu ditzakeen eragozpenak arintzeko, inguruan jarriko diren seinaleei eta udaltzainek zehaztutako aginduei kasu egiteko deia egiten du udalak.