Lazkaoko Udalak eta herriko hainbat eragilek ekintza ezberdinak antolatu dituzte martxoaren 8ra begira, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Kike Biguriren bakarrizketa Azki emakume elkarteak antolatua, Urrup taldearen antzezlana eta “Emakumea eta zientzia” mahai ingurua egongo dira, besteak beste.

Zientziaren alorreko ikasketak dituzten edo zientziaren alorrean lanean diharduten bost emakumek beren bizipenak kontatuko dituzte martxoaren 7an egingo den mahai inguruan: Irati Garmendia Biomedikuntzan doktoreak, Ainara Valencia biologoak, Neia Naldaiz Neurozientzietan doktoreak, Haizpea Lasa Biomedikuak eta Ane Negeruela medikuak parte hartuko dute. Oihana Sarasola kazetariak gidatuko du saioa.

Lazkaoko Talde Feministak antolatuta egun osoan zehar ekintzak egingo dira ostiralean, martxoaren 8an, plazan. Arratsaldean, berriz, Goierri mailako ekitaldi nagusia Lazkaon egingo dute herrietako talde feministek. Senpere auzoan elkartuko dira taldeak (Beasain eta Ordizia aldetik etorrita), 19:30ean, eta Lazkoaoko plazan egingo dute amaierako bilkura.

Lanketa zabalago baten barruan

Martxoaren 8ra begira, autodefentsa feminista tailerra eta maskulinitate tailerra ere antolatu dira San Benito ikastolako ikasleei zuzenduta. Emakumeen Nazioarteko Egunerako ez ezik, urtean zehar hainbat lanketa ere egin ditu udalak San Benito ikastolarekin elkarlanean.

Bizikidetza harremanak, eta pertsonen arteko erlazio estiloak giza legezkoak izan daitezen (elkarren arteko errespetu eta estimuaren praktikan eraiki daitezen), genero arloko hainbat rol eta estereotipo sexista eta matxista saihesteko lanketa hezitzailea bultzatu da bi erakundeen artean. Zehazki, autodefentsa feminista tailerrak, maskulinitate tailerrak, gazte transexualen errealitatea ezagutzeko dokumentalak eta hitzaldiak, edo Irantzu Varela bezalako erreferenteen formazioa jaso dute ikasleek. Lazkaoko Gaztelekuarekin elkarlanean ere dinamika ezberdinak garatu dira azken urteetan, helburu hauetara bideratuta.

Adierazpen instituzionala

Emakumeen Nazioarteko Egunari begira, Lazkaoko Udalak EUDEL-en adierazpen instituzionala ere onartu du, aho batez. Adierazpenean jasotzen denez Mugimendu Feministak antolatutako lan-etenaldiak izan zuen erantzun onaren ondoren, 2019an ere indarrean jarraitzen dute aldarrikapenek, Bizitzak Erdigunera! lelopean. Adierazpenean jasotzen denez, “beharrezkoa da emakumeen lan prekarietatea eta pobrezia salatzea, indarkeria matxista guztien aurka egitea, eta bazterkeriari eta arrazakeriari uko egitea”.

Hala, Lazkaoko Udalak honako konpromisoak hartuko ditu:

  • Berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak bultzatzea.
  • Zaintza-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzea.
  • Mugimendu Feministak deitutako greba dela-eta, udaleko hautetsi eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak ematea.

Egitaraua

Honakoak dira Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta Lazkaon egingo diren ekintzak:

  • Martxoak 6, asteazkena: Kike Biguriren “Como la vida misma” bakarrizketa, Orobioneko ganbaran, 18:00etan (Azkik antolatu duen egitarauaren barruan).
  • Martxoak 7, osteguna:“Emakumea eta zientzia” mahai ingurua, kultur etxean, 18:30ean.
  • Martxoak 8, ostirala: Goizean zehar Lazkaoko Talde Feministaren ekintzak. Arratsaldean eskualdeko talde feministen bilkura eta ekitaldia plazan (19:30ean elkartuko dira taldeak Senperen eta oinez joango dira herri erdigunera. Ondoren izango da ekitaldia).
  • Martxoaren 9tik 11ra, larunbatetik astelehenera:“Una cuestión de género” filmaren proiekzioa Areriako zinek karteldegiaren barruan.
  • Martxoak 15, ostirala: Urrup taldearen “La mujer sola y la madre pasota”antzezlana (doan), Arerian, 21:30ean.