“La mujer sola y la madre pasota” da Urrup antzerki taldearen lan berria, eta ostiralean, martxoak 15, Lazkaon ikusi ahalko da.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintza da, eta emanaldia doan izango da. Antzezlana Arerian ikusi ahalko da, 21:30etik aurrera.

Rosa Rojoren zuzendaritzapean arituko dira beste behin Urrupekoak. Oraingoan, bi izango dira taula gainera igoko diren aktoreak. Ana Mendia “bakarrik dagoen emakumearen paperetik” arituko da. “Denetik du etxean, baina garrantzitsuena falta zaio: etxeko gizonen errespetua eta pertsona bezala merezi duen tratua jasotzea”. Marisol Cavero, berriz, “ama moderna bat” izango da, eta bizitzan zehar hartu dituen erabakiez jardungo du. Biak bakarrizketa formatuan ariko dira taula gainean.

Franca Rame eta Dario Fo-ren testuak moldatu ditu Rojok “La mujer sola y la madre pasota” antzezlanerako. Mendiaz eta Caveroz gain, Joanes Etxaide, Imanol Juanes, Eukene Lekuona eta Gorka Lariz ere antzezlaneko lantaldeko kide dira.