Lazkaon. Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako merkatariei zuzendutako aurkezpena izan da.

Bereizketaren eta etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua egiten duten Gipuzkoako saltokientzako sortu zuten marka da Singular Dendak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Merkatarien Federazioak bultzatutako proiektua da, eta zertan datzan azaldu diete hiru herrietako merkatariei.

Singular Dendak markaren helburua erosketa esperientzia nabarmenak sortzea da. Gainerako merkatarietatik bereizteko zigilua da, bezeroak erakartzen eta haien leialtasuna lortzen laguntzen duen proiektua. Tokian tokiko komertzioak posizionatzea eta posizionamendu hori indartzea lortu nahi da, horretarako zehaztutako markaren komunikazio estrategia baten bidez.

Orain hiru urte sortutako proiektua da, eta dagoeneko Gipuzkoako 163 komertziok lortu dute Singular Dendak zigilua. Horietatik 12 Goierriko komertzioak dira. Herrietako kaleak biziberritzea, eta herrietako dendetan dagoen originaltasuna bultzatzea bilatu nahi du. Bezeroekin konprometituak diren saltokiak, kultura propioa dutenak, eta bezeroaren erosotasuna bilatzen duten dendak eskura dezakete zigilua.

Zigilua lortzeko pausoak

Singular Dendak zigilua lortzeko hainbat urrats eman behar dituzte merkatariek. Lehen urratsa hasierako diagnostiko bat egitea izaten da. Tratu pertsonala, salmenta puntua (harremanetarako espazio gako bezala), produktu bereizgarria eta on/off komunikazioa hartuko dira kontuan. Bezero misteriotsuaren teknikaren bidez egiten da lehen diagnostiko hori.

Bigarren pausoa ekintza plana definitzea izango da. Bezero misteriotsuaren bisitaren balorazio txostena aztertu eta hobetu daitezkeen arloak definituko dira bertan. Hobekuntza horretara bideratutako ekintzak zehaztea izango da hirugarren urratsa, banan banako aholkularitzaren eta taldekako tailerren bidez.
Egindako lanaren jarraipena eta ebaluazioa egitea izango da azken urratsa. Ziurtagiria jasotzen dutenek konpromiso bat ere hartzen dute: etengabeko hobekuntzan aritzea. Komertzioari balioa emango dioten ekintzak egiteko konpromisoa hartuko dute.

Singular Dendak proiektuaren 2019ko edizioa martxan dago, beraz, bertan parte hartu nahi duten komertzioek orain dute izena emateko aukera. Horretarako, www.singulardendak.com helbidera jo dezakete, edo 943 425 557 telefono zenbakira deitu.
Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako Udaletara ere jo daiteke proiektuari eta programari buruzko informazio gehiago jasotzeko.