Kirol alorrean bodytraining-en ordutegia zabaldu da eta ziklo indoor ikastaroa eskainiko da gaztetxoentzako udako denboraldiko arrakastari jarraiki.

5 kultur tailer izango dira aukeran: aretoko dantzak, robotika, yoga, josteko tailerra eta talla tailerra.

Lazkaoko Udalak prest du 2019-2020 ikasturteko ikastaro eta tailer eskaintza. Guztira 15 ikastaro eta 5 tailer eskainiko dira adin eta gustu ezberdinetako lazkaotarrei zuzenduak. Hainbatek urtez urteko arrakastaren bermearekin dute jarraipena eta beste hainbat berrikuntza ere txertatu dira, eskaintza herritarren nahiera egokitzeko helburuz landua. Alorrez alor honakoa da bilduma:

Kirol alorrean, bodytraining gehiago eta ziklo indoor ikastaroa gaztetxoentzako estreinakoz

Kirol alorrean guztira 15 ikastarok osatzen dute eskaintza. Hainbati eman zaie hasiera jada, eta beste batzuek datozen egunotan ekingo diete.

Berrikuntzen artean dira bodytraining ikastaroaren egonkortzea. Iaz bazen talde bat eta aurten ordutegia zabaldu da. Bestalde, udako eskaintzaren baitan, ziklo indoor ikastaroa eskaini zen. Bertan 14 urte inguruko gazte talde batek hartu zuen parte, eta denboraldian zehar jarraitzeko eskakizuna luzatu dute. Hori horrela, Udalak ikasturte berriko eskaintzan barneratu du.

Honakoa da eskaintzaren ordutegi eta bazkidetzaren inguruko informazio xehetua. Hainbat datu:

  • Igeriketa terapeutikoa, haurdunaldikoen igeriketa eta haurtxoen igeriketa irailaren hasieratik daude abian. Hala ere, izen eman daiteke oraindik.
  • Lehorreko helduen ikastaroek (ziklo indoor, pilatesa, gapa, soinketa, adinekoen soinketa, bodytraining, zunba) irailaren 16ko hastean hasiko dira.
  • Urriaren 1etik aurrera ekingo zaie haurren ikastaroei: igeriketa, gimnasia erritmikoa, zunba txikia edo Shoringy kenpoa.

Izen emateak zabalik daude jada eta Joxemiel Barandiaran kiroldegian burutu behar dira. Argibide gehiagorako 943 08 51 93 telefonoan egin daitezke.

5 kultur tailer aukeran

Aretoko dantzak, yoga, josketa, talla tailerra eta robotika tailerrek osatuko dute eskaintza. Urriaren hasieran hasiko dira eta ekainerarte luzatuko dira. Izen emateak Udaletxean burutu behar dira, irailak 28a baino lehen.

  • YOGA: asteartean eta ostegunean 10:00etatik 11:30etara, astelehenean 18:30etatik 20:00etara eta azteazkenean 14:45etatik 16:15etara.
  • JOSKETA ikastaroa: ostiralak 17:30etatik 19:30tara eta 19:30etatik 21:30etara.
  • ARETOKO DANTZAK: astelehenak eta asteazkenak 19:30etatik 22:00etara.
  • TALLA tailerra: ostiraletan.
  • ROBOTIKA: asteartea, asteazkena, osteguna eta larunbatetan. Irailak 2tik 30era matrikulaldia.