• Egitasmo honen helburu nagusia Lazkaoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak ikusarazi eta balioan jartzea izan da

Lazkaoko Udalak, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen biziberritze planari jarraiki, “Udazkenean aisiaz gozatu Lazkaon” kanpaina jarri zuen martxan urrian, hirugarrenez. Kanpaina honetan, herriko 38 merkatarik eta 22 ostalarik hartu dute parte. Herritarren partetik ere, parte hartzea oso garrantzitsua izan da eta Udaletxean kokatuta egon diren kutxak txartelez leporaino bete dira.

Atzo izan zen kanpainako laugarren eta azken zozketa. Bertan, 4 pertsonentzako hiru afari zozketatu dira Lazkaoko jatetxe partehartzaile batean. Azken zozketa honetako irabazleak Josemi Arnaz Gomez, M. Karmen Garmendia Vitoria eta Alaine Mingo Gonzalez izan dira.

Dena den, kanpainari irailaren 30ean eman zitzaion hasiera. Ostalariek eta merkatariek txartelak banatu zituzten bezeroen artean, eta erosketa edo kontsumizio bakoitzagatik eranskailu bat eman. Behin txartela osatuta, udaletxean jarri zen kutxa batean sartu behar zuten txartela herritarrek, izen-abizenak eta kontakturako telefonoa zehaztuta. Kutxan jasotako txartelen artean lau zozketa egin ziren aisialdiarekin lotutako lau sari erakargarrirekin:

  • Zinema denboraldirako hiru bono.
  • Hiru e-book, irakurketaz gozatzeko.
  • Kiroldegirako urte baterako hiru bazkidetza.
  • Hiru afari Lazkaoko jatetxe batean, 4 pertsonentzako.

Azken urteetan Lazkaon martxan jarri diren mota honetako kanpainen bidez, Lazkaoko Udalak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak ikusarazi eta balioan jartzea du helburu. Negozio hauek herriko ekonomiari eta lanpostu sorrerari egiten dioten ekarpena aintzakotzat hartuz.

Lazkaoko Udalak kanpainan parte hartu duten merkatari, ostalari eta herritar guztiei eskerrak ematen dizkie.

Diseño sin título