Albisteak

  • Goierrin murgiltze linguistiko programan parte hartzen duten ikasleek garatzen dituzten trebetasunak eta hauen bilakaera ikertzea du helburu saritutako lanak.
  • Ikertzailea: Asier Etxenike Ugarte (1997), Orereta-Gasteiz. Soziologian Lizentziatua (UNED), Jarduera Fisikoetan Lizentziatua (EHU), Heziketa Fisikoan Diplomatua (EHU).

Aurkeztutako zortzi proiektuetatik, Gerriko Ikerlan Bekako epaimahaikideek “Mantentze eta murgiltze ereduan aplikazioaren eragina Goierrin. Euskararen erabileraren sustapenean eta jendarte kohesioan eragina izan ahal dute?” proiektua saritu dute. Ikertzailea Asier Etxenike Ugarte (1997) oreretarra da. Soziologian Lizentziatua (UNED), Jarduera Fisikoetan Lizentziatua (EHU), Heziketa Fisikoan Diplomatua (EHU).Epaimahaikideek adierazi dutenez, “abilidadea erakutsi eta konfiantza ematen digulako, ikerketa hau gauzatzeak merezi duelakoan gaude”. Pasa den ostegunean, maiatzak 25 ospatu zen ekitaldia ate itxiekin Lazkaoko Udalean.

Ikerketa proiektuko gaiak pizten duen jakin-mina eta egungo errealitatean duen gaurkotasuna erabakigarriak izan dira. Bestalde, GIBn baloratzen dituzten bost kriterioak (gaia, hizkuntza, plangintza, epeak eta bibliografia) “ondo baino hobeto” azaltzen dituela azaldu dute epaimahaikideek. Proiektuaren “euskara idatziaren adierazpen maila bikaina” ere azpimarratu dute.

Orain arteko azterketetan adierazi da murgiltze metodoak gaitasun kognitiboa hobetzen duela, baina tokian tokiko kasuak aztertzea proposatzen du saritutako lanak, egoeraren arabera emaitzak aldatu daitezkelako. Epaimahaikideek diotenez, “honetan datza ikerketak ematen dituen aukeren interesa”.

Murgiltze linguistikoko metodoan parte hartzen duten ikasleei jarraipena egitea ere planteatzen du proiektuak, pertsona elebidunek garatzen dituzten gaitasunak egiaztatzeko (besteekiko sentsibilitatea, hizkuntza aberastasuna etab.).

Aurkeztu eta aztertutako 8 proiektuen izenburuak 

1)”Mindfulness birtuala haurtzaroan. “4 urtaroak Goierrin””.

2)”Goierri eskualdeko lanpostuen sorrera eta bertako landa eremuetako herrietako biztanle kopuruaren arteko erlazioa”.

3)”Norbera izaten ikasiz: Bioatzeraelikadura egitasmo baten bitartez Goierriko haurren autoezagutza eta gaitasun kognitibo, emozional eta sozialak bultzatzen”.

4)”Cortijoko linea. Ebrotik zetorren energia linearen pistaren atzetik”.

5)”Goierriren jatorria adimen artifizialaren bitartez: gure arbasoen erretratu historiko, soziologiko, linguistiko eta onomastikoa”.

6)”Paperezko aztarnak. Mendizabal Gorostizu familiaren emigrazio prozesuaren nondik-norakoak gutunen bitartez (1872-1912)”.

7)”Lazkaoko altxor ezkutua”.

8)”Mantentze eta murgiltze ereduan aplikazioaren eragina Goierrin. Euskararen erabileraren sustapenean eta jendarte kohesioan eragina izan ahal dute?”.

XIX. Gerriko Ikerlan Bekako epaileak:

  • Jaione APALATEGI BEGIRISTAIN and., Pedagogian Doktorea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea. Jorge Oteiza Fundazio-Museoko patronatuko kidea eta Lehendakaria, gaur egun.
  • Fito RODRIGUEZ BORNAETXEA jn., Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan Lizentziatua, Hezkuntza Zientzietan Doktorea.
  • Jokin APALATEGI BEGIRISTAIN jn., Soziologoa, Mugimendu Sozialetan katedraduna EHUko Psikologia Fakultatean, UEUko UZTARO aldizkariaren zuzendaria eta XIX. Gerriko Ikerlan Bekako Zuzendari Zientifikoa.

 

Argazkilaria Aimar Maiz

Argazkilaria: Aimar Imaz.