Albisteak

Lazkaoko Udalak LGTBI eskubideen aldeko adierazpen instituzionala onartu du. Adierazpena Udaletxe sarreran ezarri da panel batean herritar orok irakur dezan. Baita ere egokitu da kanal digitaletako irudia LGTBI banderarekin uztartuz. Adierazpena bere osotasunean: 

Nazioarteko LGTBI+ Harrotasunaren Eguna

Ekainaren 28an, 1969an Stonewallen izandako istiluak (New York) gogoan harturik, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta intersexualen eskubideak defendatzeko. Berdintasuna, errespetua, aniztasuna, askatasuna eta tankera horretako balioak sustatzeko eguna da.

Urteotan guztiotan, ikusi dugu aurrerapenak izan direla LGTBI+ eskubideei dagokienez; nabarmentzekoak dira, esaterako, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak, erregistro agiri ofizialetan izena eta sexua aldatu ahal izateko legea, edo Europan egindako hainbat eta hainbat adierazpen, estatu kideei eskatuz utz ditzatela herritarren zati baten diskriminazioan sakontzen duten praktikak.

Hala eta guztiz ere, eskubide horien onarpena ez da igaro onarpen formal hutsetik, eta, zoritxarrez, batzuetan ez da behar adina berme komunitate honen eskubideak egiaz errespeta daitezen; izan ere, aldi horretan bertan, LGTBI+ komunitatearen helburuok lortu diren herrialdeetan, uste bat sortu da, berdintasunezko gizarte batean bizi garela pentsarazten diguna. Eta, horren ondorioz, herrialde horietako askok eta askok bertan behera utzi dute LGTBI+ eskubideak lortzeko borroka, sinetsirik eginda dagoela egin beharreko guztia.

Orain ia 40 urte, gure historiako aro ilun bat gainditu nahirik, homosexualitateak legez kanpoko izateari utzi zion, eta halaxe amaitu ziren hamarkada luzeetan zehar sexu eta genero baldintza hutsagatik izandako gaitzespenak, umiliazioak, espetxeratzeak eta kriminalizazioa. Hori dela eta, garrantzitsua da Lazkaoko Udalak duen konpromiso publikoa nabarmentzea eta oroitzea, aitortuz zer-nolako ekarpen erabakigarria egin duten gizarte erakundeek eta legeriak bizikidetzarako, gizarte kohesiorako eta gure gizarteak aurrera egiteko, bereziki nabarmenduz azken 40 urteotan LGTBI+ kolektiboen aniztasuna osatzen duten pertsonen normalizazio sozialean lortu diren aurrerapenak.

Denbora honetan zehar, gizarteak eta erakundeek berdintasuna eta diskriminaziorik eza ipini dituzte beren jarduera esparru nagusien artean, eta ahaleginak egin dituzte pertsona guztien egiazko beharrizanei erantzungo dieten neurriak garatzeko, guztia ere errespetuzko ekintzak sustatuz, oinarrizko eskubideak halaxe aitortuz eta diskriminazioaren aurrean erabateko babesa bultzatuz.

Lazkaoko Udalak honako puntu hauek bere gain hartzen ditu,
1. Jendarte adeitsu, bidezkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko lanean jarraituko duela, gerta daitekeen edozein indarkeria-motaren aurrean gaitzespen irmoa erakutsiz, homofobia eta transfobia barne.
2. Lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta intersexualen eskubideen aldeko 'LGTB+ Harrotasuna' Nazioarteko Egunaren ospakizuna babestuko duela, ikusgarritasuna eta gizartearen sentsibilizazio bilatze aldera.

Blue and Yellow Scribble Fathers Day Instagram Post