• Aurten talde txiki eta itxietan, eta gune banatuetan, emango dira ikastaroak, koronabirusak eragindako egoeragatik.

Lazkaoko Udalak udako aisialdirako kultur eta kirol eskaintza zabala egin du aurten ere, baldintza berezietan, egoerak eskatu bezala. Igandean itxi zen ikastaroetarako izen ematea eta guztira 628 haur eta gaztek hartuko dute parte, talde txiki eta itxietan eta gune desberdinetan, segurtasuna bermatzeko.

H.H. 3tik L.H.6ra bitarteko 151 haur egongo dira aisialdi zerbitzuan, talde txikietan begirale desberdinekin, ekainaren 29tik uztailaren 24ra arte.

6 eta 12 urte bitartekoei dagokienez, kulturako ikastaroetan, berriz, 35 umeek eman dute izena eta kirolanitzeko jardueretan 122k. 105 haur ibiliko dira futbolean eta 73 piraguismoan. Irristaketa 10 haurrek aukeratu dute eta beste 30ek tenisa. Mendiko txirrinduan 23 umeek eman dute izena eta pilotan 11k. Gimnasia erritmikoan 12 pertsona apuntatu dira eta kirol dantzan 22.

12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoek astearte eta ostegunetan izango dituzte ziklo indoor eta body gazte saioak. Lehenean 23 pertsonak eman dute izena, eta, bigarrenean, 11k.

Haurrak ikastaroetara maskararekin joan behar dute eta 2 metroko distantzia bermatu ezin daitekeen ekintzetan ezinbestekoa izango da maskara erabiltzea. Maskara eramaten ez duenak ezingo du ikastaroan gelditu. Bestalde, haur guztiek etxetik tenperatura hartuta eta eskuak garbituta joan behar dute eta begiraleek ere tenperatura hartuko diete ekintzak hasi aurretik. Ondo badago, guraso/tutoreari haurra bertan uzteko baimena emango dio.

Guraso edo tutoreek telefono zenbaki bat emango dute edozein ezusteko gertatuz gero harremanetan jartzeko. Haurrak jaso eta uzteko tokietan bi metroko distantzia mantendu beharko da gainerako guraso/tutoreekin.

Ikastaroan zehar, begiraleek osasun zainketa ohitura batzuk beteko dituzte eta haur guztiek izango dute beti eskura gela, papera, desinfektantea eta ura eskuak garbitzeko. Bestalde, kontaktu fisiko handia duten ekintzak saihestuko dira eta guneetan babes neurrien inguruko kartelak jarriko dira. Ekintzak gune irekietan izango dira ahal den neurrian, eta taldeak ez dira beste talde batzuekin elkartuko. Haur bakoitzak bere hamarretakoa eraman beharko du egunero. Egunen batean haurren bat ikastarora joaten ez bada, begiraleari jakinarazi beharko zaio arrazoia eta garrantzitsua da parte hartzaileetako norbaitek Covid-19 frogetan positibo emanez gero, jakinaraztea. Kasu horretan, talde horretako udako programa bertan behera geldituko litzateke eta haur guztiek etxean egon beharko lukete 14 egunez.

WhatsApp Image 2020 07 02 at 09.32.01 1