• Herritarrei arduraz jokatu eta elkar babesteko deia luzatzen die Udalak, higiene eta segurtasun neurri oro betez (musukoaren erabilera, garbiketa…). Elkar zaintzeko garaia da.

San Prudentzio jaiek Covid-19ak eragindako konfinamendu garaia harrapatu zuten. Balkoietan ospatu genituen orduan.

Irailean kokatu gara jada, eta San Migel jaien datak ditugu gainean. Baina Osasun Larrialdi egoeran aurkitzen gara eta zuhurtziaz jokatu eta higiene eta distantzia neurri zorrotzak bete behar ditugu. Jaiek ez dute hori berme guztiekin betetzea ahalbidetzen.

Udalak, San Migel jairik ez ospatzea erabaki du. Iraileko azken asteburuan, beraz, ez da Lazkaon sanmigelik izango.

Herritarrei arduraz jokatu eta elkar babesteko deia luzatzen die Udalak: “Izan gaitezen arazoaren konponbide eta ez parte. Ez diezaiogun utzi birusari gure herrian zabaltzen, eta kontrolatu ezin den egoera batera eramaten. Gure arduragabekeriak ondorio larriak izan ditzakete gugan eta inguruko pertsonengan. Izan gaitezen zentzudunak, orain arte egin eran, eta joka dezagun tentuz, beranduegi izan baino lehen”.

Datorren urtean jaiak ospatu eta elkarrekin egon ahal izateko, inoiz baino beharrezkoagoa da oraintxetik neurriak hartu eta elkar zaintzea.

 

 san migelak