Ekintza arrakastatsua izan da Lazkaoko Udalak eta Gaztelekuak antolatutako “Emakumeak eta kirola” mahai ingurua. Emakume kirolari bakoitzak bere esperientzia kontatu zuen, zein zailtasun izan dituen, zein erronka eta zein amets dituen.

Hainbat kirolen arteko konparaketa egin zuten parte hartzaileek, eta gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak ere izan zituzten hizpide. Emakume kirolariek prentsan duten presentzia gero eta gehiago bada ere, oraindik lan asko dago egiteko mahai inguruko kideen ustez, garrantzitsua baita presentzia izatea.

Hala ere, egoera hobera egiten ari dela nabarmendu dute, kirolari eta kasu gehiago daudela, eta emakumeak kirolaren aldeko apustu gehiago egiten du eta presentzia ere gero eta handiagoa da hainbat kiroletan. Edonola ere, berdintasunera iristeko asko falta dela azpimarratu dute.

Lazkaoko Udalak eta Gaztelekuak emakume kirolarien ahalegina agerian jarri nahi izan dute mahai inguru honekin. Batez ere herriko emakumeak ezagutzera ematea izan da helburua, haien lana eskertzeko, goraipatzeko eta bultzatzeko.

Oraingoan kirolarekin lotutako mahai ingurua antolatu da, baina helburua arlo gehiago lantzea da, “Emakumea eta…” izenburupean ekintza gehiago antolatuz. Asmo honetan lanean jarraituko du Lazkaoko Udalak.