Lazkaoko Udalak eta Lazkaon merkataritza elkarteak aurtengo ekintzen plangintza zehaztu dute, eta iazko bidetik, aurten ere elkarlanean aritzeko lankidetza hitzarmena berritu dute. Elkarlan horretatik sortutako ekintzek oso harrera ona izan zuten iaz, eta herritarrek eta merkatariek balorazio oso ona egin zuten. Hala, aurten ere herriko merkataritza sustatzen eta indartzen jarraitzeko akordioa sinatu dute gaur udaletxean.

Lazkaoko Udalaren helburu nagusietako bat herriko ekonomia sustatzea da. Dendek eta zerbitzuek udalerriaren garapenean duten garrantzia kontuan hartuta, merkataritza eta zerbitzuen alorrean bi aldeen elkarlana bultzatu nahi du udalak.

Ekonomia jarduera sustatzeaz gain, merkataritza dagoen tokian bizia dagoela kontuan izanik, harreman honen bidez herria girotzea ere bada helburua. Horregatik, eta helburu hori lortzeko, ondorengo kanpainak lantzea eta egitea jasotzen da lankidetza hitzarmenean: erosketa bonoa, aisiaz gozatu Lazkaon eta Gabonetako erakuslehio lehiaketa.

Lazkaoko merkataritza indartzeko aurrepauso bat emango dute udalak eta Lazkaon merkataritza elkarteak.