Ur jolas arkeologikoak egingo dira abuztuaren 5ean Joxemiel Barandiaran kiroldegiko kanpoko igerilekuan. Hondoratutako itsasontzi baten aztarnak irudikatuko dituzte, eta haurrak itsasontzi horren arrastoen artean murgildu ahal izango dira. Jolas honen bidez, ur azpian aritzen diren arkeologoen lana ezagutu ahal izango dute gaztetxoek. Buzeatuz itsasontzian gordetzen diren altxorrak bilatu beharko dituzte.

Ekintza 7 eta 15 urte arteko haurrei zuzenduta egongo da, eta bertan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da (izen ematea doan izango da). Guztira 80 lagunentzako lekua egongo da, eta kopuru hori baino gazte gehiagok emango balute izena zozketa egingo da izena eman duten guztien artean. Izena kiroldegian bertan eman behar da.

Ur jolas arkeologikoak goizez eta arratsaldez izango dira. Goizez 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez 16:00etatik 18:00etara.