Lazkaoko Udalak eta LazkaOn elkarteak antolatutako "Udazkenean aisiaz gozatu Lazkaon" kanpainaren barruan bigarren zozketa egin da. Hiru ebokk zozkatu dira, eta honakoak dira saridunak:

  • Edi Fernandez Lopez
  • Jesus Blazquez Tiemblo
  • June Urkola Lazkano

Nagore Izagirre, Ainitze Korta eta Josu Sarriegi LazkaOn elkarteko ordezkariek banatu dituzte sariak.

Herriko 52 merkatari eta 27 ostalari ari dira parte hartzen kanpainan, lazkaotarrek erosketak herrian bertan egiteak duen garrantzia nabarmentzea da helburua. Hala, merkataritzak eta ostalaritzak Lazkaoko ekonomiari eta lanpostuei egiten dien ekarpena aintzakotzat hartuz.

Hurrengo zozketa urriaren 11n izango da. Kiroldegirako urte baterako hiru bazkidetza zozkatuko dira. Laugarren eta azken zozketa urriaren 18an izango da, eta hiru afari zozkatuko dira.

Kanpainan parte hartzen duten ostalariek eta merkatariek txartelak banatzen jarraitzen dute bezeroen artean, eta erosketa edo kontsumizio bakoitzagatik eranskailu bat ematen. Ostalariek banatzen dituzten txartelak betetzeko, bezeroek zortzi taberna ezberdinetako eranskailuak lortu beharko dituzte. Merkatarien txartelak, aldiz, bost eranskailu ezberdinez osatu beharko dira; horietako bi, gutxienez, Lazkaon merkataritza elkarteko kide diren merkatarienak izan beharko dira.

Behin txartela osatuta, udaletxeko sarreran dagoen kutxan sartu beharko dute txartela herritarrek, izen-abizenak eta kontakturako telefonoa zehaztuta. Kutxan jasotako txartelen artean egingo dira zozketak. Kapaina urriaren 18ko zozketarekin amaituko da.