Albisteak

Martxoaren 10ean egingo da 30. Lilaton lasterketa, Donostian.

Emakumeei zuzendutako bost kilometroko proba da, emakumeak kirolera gerturatzea helburu duena. Emakumeak kirol praktikan hasteko erreferente bihurtu da Lilaton lasterketa, eta kirolean emakumearen presentzia areagotzea eta sustatzea lortu du urte hauetan guztietan.

Lazkaoko Udalak bat egiten du helburu horrekin, eta hala, korrikan hasi berri diren edo hasteko dauden emakume lazkaotarrei zuzenduta egitasmo bat jarriko du martxan: elkarrekin, taldean, korrikan hastea. Beldurrak gainditu eta emakume lazkaotarrak taldean Lilaton lasterketan parte hartzera bideratu da egitasmoa. Korrika egiteko ohitura duten eta Lilatoian parte hartzeko asmoa duten emakumeei ere talde honetan parte hartzera animatzen zaie.

Bilkurak asteartero izango dira, 18:00etan, kiroldegian elkartuta. Lehen saioa datorren astearten izango da, urtarrilak 22. Hurrengoak, berriz, urtarrilaren 29an, otsailaren 5, 12, 19 eta 26, eta martxoaren 5ean. Asteartero ordubeteko saioak egingo dira, 18:00tatik 19:00etara.

Begirale baten laguntzarekin

Egitasmo honetan begirale batek ere parte hartuko du. Begirale honek zehaztuko ditu urratsak, orientazioa eta aholkularitza emango die parte hartzaileei, eta jarduera bere gidaritzapean egingo da. Nola korrika egin, zenbat korrika egin, zein luzaketa egin… aholkatuko du begiraleak.