Albisteak

Lazkaoko Udalak banatu berri du herriko etxebizitza guztietara udazkeneko agenda. Kultur, kirol eta gizarte arloko ekintzak biltzen dira bertan, udalak herriko hainbat talde eta eragilerekin elkarlanean antolatu dituenak. Urritik abendura bitartean, ugariak izango dira herrian egingo diren ekintzak. Udal ordezkariek eta herriko hainbat eragilek aurkeztu dute udazkeneko agenda.

KULTURA

kultur arloan, zinema garaia izango da lehen nobedadea. Larunbat honetan, urriak 7, hasiko dira emanaldiak Arerian, ohi bezala haurrentzako eta helduentzako saioekin. Larunbat eta igande arratsaldetan haurrei zuzendutako film bat ikusi ahalko da, eta larunbat, igande eta astelehenetan helduentzako bat. Ikusleen Eguna astelehenetan izaten jarraituko du, eta zine denboraldia ekainera arte luzatuko da aurten ere.

Musikarik ere ez da faltako. Santa Xexili eguna tokatzen da tartean eta, urtero bezala, herriko musikariek eta abesbatzek gogotik ospatuko dute haien zaindariaren eguna. Kontzertuei dagokionean, Briganthia taldea eta Pantxoa Carrere aipatu behar dira. Briganthia taldea azaroaren 24an arituko da Lazkaon, eta Carrere abenduaren 1ean, Euskaraen Nazioarteko Egunaren bueltan. Bi emanaldiak Arerian izango dira.

Helduei zuzendutako antzerkia, ipuin kontaketak eta bakarrizketak ere egongo dira. Txalo taldearen “Etxeko saltsak” ikusi ahalko da Lazkaon azaroaren 10ean. Antzerkia, ordea, ez da umorerako tarte bakarra izango. Izan ere, Jose Campoy eta Juan Aroca umoristek saio bana egingo dute, eta haiekin arituko da Alex Rabanal Lazkaoko bakarrizketalaria ere.

GAZTEAK

Umeei zuzenduta, berriz, “Pinotxo, hariekin lotu gabe” euskarazko musikala Lazkaora iritsiko da azaroaren 18an. Urte askotan Lazkao Txiki musika eskolako zuzendaria izan den Aitor Biainek zuzendutako obra da. Oñatiko Ganbara Txiki haurren abesbatzarekin taularatu du.

Udazkenarekin batera Gaztelekua ere martxan egongo da berriz hilabete honetan bertan. Urriaren 21ean, larunbata, irekiko ditu berriz ateak, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Urriaren 28 eta 29ko asteburuan ate irekien jardunaldiak egingo dituzte, gaztelekura joaten diren edo joan nahi duten haurren gurasoek gaztelekua ezagutu dezaten.

GIZARTEA

Udazkenarekin batera atzo bertan jarri zen martxan Pausoka egitasmoa. Herritarrak kalera atera eta elkarrekin oinez ibilbideak egiteko gunea da, ordubeteko saioak, bakoitzaren pausora moldatuta, astearte goizero. Elkarbizitza eta osasunaren aldeko apustua da eta parte hartu nahi duen guztientzat zabalik dago beti.

SENDIAN programa aurten ere eskainiko du Lazkaoko Udalak. Pertsonen zaintzaren ardura dutenei zuzenduta dago egitasmoa, eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen artean egoera zailak maneiatzen irakatsiko da. Guztira, sei saio izango dira, azaroan, hilaren 6, 7, 20, 22, 27 eta 29an, arratsaldez 16:00etatik 20:00etara Orobionen. Ikastaro guztiak doakoak dira eta izena udaletxean eman daiteke jada.

BERDINTASUNA

Genero Berdintasun sailetik azaroaren 25aren inguruko kanpaina antolatu da, indarkeriari ezetz esateko, indarkeria errealitate bat dela eta ez dagoela onartzerik esateko. Kanpainaren barruan, eta martxoan emakumeen egunaren inguruan egin zen bezala, San Benito ikastolarekin elkarlanean lan egingo da, ikasleekin lantzeko mintegia egingo da Lahia Nahia elkartearekin. Emakume gazteei (16 urtetik gorakoei) zuzenduta, eta ikastolaren laguntzaz, bigarren autodefentsa tailerra ere egingo da, Emagin elkartearen eskutik.

Lazkaoko udalak ohiko elkarretaratzerako deia ere luzatu du. Aurten bezperan egingo da elkarretaratzea, hau da, azaroaren 24an, ostirala, 19:00etan. Ikasle batzuk testu laburrak irakurriko dituzte eta Lazkao Txiki musika eskolak, beste behin, musika jarriko du. Ordutebe lehenago, 18:00etan, kultur etxeko erakusketa aretoan Oihulari Klown taldeko Dorleta Kortazar ipuin kontalariak ‘Ezpain Gorriak’ ipuina kontatuko du. Ipuin kontaketa saioa helduentzat da, gizonezkoak barne”.

Azaroaren 25ean amaituko da kanpaina ‘Zapata Gorriak’ izeneko egitasmoarekin. Mexikoko Juarez hirian 2009an Elina Chauvet artistak Juarezen bertan eta munduan zehar eraildako eta desagertutako emakumeak gogora ekartzeko eta errealitate honen inguruan hausnarketa eragiteko sortu zuen instalazio artistikoa da. Lazkaoko plazan gauza bera egingo da azaroaren 25ean, 11:0etatik 14:00ak arte. Azaroaren 25eko ekitaldietan parte hartze berezia izango du San Benito ikastolak.

KIROLA

Kirolerako tarterik ere egongo da hemendik abendura bitartean. Aste honetan egiten ari den Kirol Asteaz gain, astero mendi irteerak egingo baitira. beste kirol ekitaldi ugari ere bai, oraindik egutegi eta ordutegi zehatzik ez dutenez, agendan sartu ezin izan direnak; baina, puntualki jakitera emango dira.

WEBGUNEA

Lazkaon antolatu diren ekintzen inguruko informazioa udalaren webgunean, lazkao.eus helbidean dago. Bertan jarriko dira ekintzen ordutegiak, eta izena ematea eskatzen den kasuetan, jarraitu beharreko argibideak ere bertan zehaztuko dira.

Buletina

Lazkaon dauden azken berriak jasotzeko, harpidetu gure buletinan
Please wait