Sasieta mankomunitateak “Kalitatezko konposta zuri esker” lelopean kontzientziazio kanpaina errepikatuko du aurten. Duela bi urte egin zen kanpaina honek sekulako arrakasta izan zuen orduan. Aurten ere ildo beretik joatea espero da, herritarrek atseginez hartzen duten kanpaina baita. 

Apirilaren 26an hasita karpa txiki bat jarriko du mankomunitateko 14 udalerritan. Bertan Gipuzkoan gaika bildutako materia organikoarekin egindako konposta doan banatu eta informazioa emango zaie herritarrei.

Euren etxebizitzetan egunero hondakinak txukun bereizten dituzten pertsona guztiei eskerrak emateko modua da. Lan isil horrek mankomunitatean batez beste %76ko gaikako bilketako indizea lortzera eraman gaitu. Indize hau oso altua da, Gipuzkoak 2019-2030 Hondakin planean 2030 urterako onartu berri duen %70eko birziklatze helburua gainditzen du.

Etorkizunari begira bi erronka handi ditugu mankomunitatean:

1) %80ko gaikako bilketako indizea lortzea.

2) Bildutako materialaren kalitatea hobetzea.

Bildutako materia organikoaren kalitatea oso garrantzitsua da zirkulua ixteko (berdin ontzi arinen, paperaren eta kartoiaren kasuan ere) eta hauxe da ekonomia zirkularraren erronka handiena. Bildutako materialaren kalitatea da zirkularidadearen giltzarria.

Kalitatezko birziklapena lortzeko material inpropio edo desegokien maila gutxitzea ezinbestekoa da, birziklatzea oztopatzen duelako eta horrek ingurumenean eta ekonomian dituen ondorioengatik ere.

Gipuzkoan “Gipuzkoako konposta©” izeneko markarekin egiten den konposta kalitate mailarik altuena du: “A” motatako konposta da. Baina kalitate hori lortzeko material desegokien mailak ezin du %5a gainditu.

Hori dela eta, konposta oparitzeaz gain karpan bi hezitzaile izango dira informazioa eman eta edozein zalantza argitzeko. Hurbiltzen direnei informazio-orri bat emango zaie bilketaren eta honekin lortutako konpostaren kalitatea bereziki azpimarratuko duena eta antzeman ohi izan diren ohiko akatsen inguruko informazioa jasoko du, hala nola, poltsa konposgarriak erabili ordez plastikozko poltsak erabiltzea edo organikoarekin batera pixoihalak edo ontziratutako janaria botatzea eta abar. Konposta nola erabili behar den ere jasotzen da.

Karpan Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioaren bideo didaktikoa ezagutzera emango da konposta fabrikatzeko prozesua eta konpostaren erabilera ezberdinak azaltzen dituena: mahastietan, futbol- eta golf-zelaietan, baratza eta lorategietan, basoen berreskurapenean eta abar. 

Kanpaina datuetan:

  • Kanpaina apirilaren 26an hasi eta maiatzaren 21an amaituko da.
  • Aldez aurretik, karpa jarriko den herrietan, 5.000 kartel jarriko dira edukiontzi marroietan eta etxeko atarietan.
  • Karparen ordutegia 16:00-20:00 izango da herri guztietan eta azoka duten herri handietan zabaldu egin da goizera ere, 9:00-12:30. 
  • Konposta jasotzeko nahitaezkoa da poltsa konpostagarriak lortzeko erabiltzen da txartela ekartzea.
  • Karpa ondorengo herrietan jarriko da: Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama eta Zumarragan. Konposta edozein herritan jaso daiteke.
  • Konposta zakuetan da (4-5g. gutxi gorabehera). 
  • 5000 informazio-orri egin dira karpara hurbiltzen direnei emateko.
  • Atzaga, Arama, Ezkio, Gabiria, Gaintza, Itsaso, Itsasondo, Mutiloa eta Zeraingo bizilagunek Beasaingo edo Ordiziako garbigunean jaso dezakete doan konposta ekainean zehar.

sasieta kartela a3 2021