• Negozioei erreleboa prestatzen lagunduko die eta ekintzaile berriak martxan dauden  establezimenduekin konektatuko ditu ekimenak 

Goierri, 2026ko irailaren 23a. Goierriko merkataritza mahaia den BIDARIk eskualdatze  zerbitzu berria aurkeztu du gaur, eskualdeko merkataritza txikiaren jarraikortasuna  bermatzeko helburuarekin. Ekimenaren bidez, erreleboa behar duten negozioei prozesua  planifikatzen eta prestatzen lagunduko zaie, eta, aldi berean, negozio baten ardura hartu  edo jarduera berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei dagoeneko martxan dauden  establezimenduekin konektatzeko aukera eskainiko zaie. 

BIDARI Goierriko merkataritza mahaia da, eta bertan elkarlanean aritzen dira GOIEKI,  eskualdeko merkataritza teknikaria, Beasaingo, Ordiziako, Lazkaoko eta Idiazabalgo  udalak, eta Bareak eta Ordizian merkatari elkarteak. Elkarlan horren bidez, eskualdeko  merkataritza-sarea indartu eta herrietako jarduera ekonomikoari eustea dute helburu. 

Zerbitzua martxan jartzeko arrazoia argia da: datozen urteetan merkataritza txikiak  erreleboarekin lotutako erronka handiei egin beharko die aurre. Gizartearen zahartzeak  eta erretiro kopuruaren igoerak eragin zuzena izango dute tokiko merkataritzan, eta horrek  arriskuan jar ditzake urte luzez herrietako kaleei bizia eman dieten establezimendu asko. 

BIDARIko eragileen ustez, komertzio baten itxiera ez da soilik jarduera ekonomiko baten  amaiera. Herrietako kaleen bizitasunean, herritarren eguneroko zerbitzuetan eta tokiko  bizi-kalitatean ere eragina du. 

Eskualdatze zerbitzuaren helburu nagusia negozioen jarraikortasuna bermatzea da,  itxierak saihestuz eta merkataritza-sarearen balioa mantenduz. Horretarako, zerbitzua  negozio-jabeei zein ekintzaile berriei zuzentzen zaie. 

Ekimenaren bidez, bi aldeak elkartzea eta eskualdatze-prozesua modu antolatu eta  eraginkorrean egitea bilatzen da. Horrela, urteetan metatutako ezagutza, bezero-sarea  eta negozioen balioa ez dira galduko. 

Zerbitzuaren ezaugarri nagusietako bat arreta pertsonalizatua da. Kasu bakoitzaren  errealitatea aztertuko da, negozioaren eta pertsonen beharretara egokitutako laguntza  eskainiz. Era berean, komenigarria da prozesua 3 eta 5 urte arteko aurrerapenarekin 

prestatzen hastea. Prozesu osoan zehar konfidentzialtasuna eta diskrezioa bermatuko  dira. 

Aurkezpenean bereziki nabarmendu da herri txikietan zerbitzuak duen garrantzia. Udalerri  txikietan komertzio batek produktu edo zerbitzu bat eskaintzeaz harago, herritarren arteko  harremanak sustatzeko, kaleei bizia emateko eta komunitatearen kohesioa indartzeko  eginkizuna betetzen du. 

Eskualdatze zerbitzu berriaren bidez, BIDARIk eta proiektuan parte hartzen duten  erakundeek urrats garrantzitsua eman dute Goierriko merkataritzaren etorkizuna  sendotzeko. Helburua da gaur egun martxan dauden negozio bideragarriak ez galtzea,  ekintzailetza sustatzea eta eskualdeko herriek beren nortasuna eta merkataritza-ehuna  mantentzen jarraitzea. 

Eskualdatze zerbitzuari buruzko informazio guztia, zerbitzuaren funtzionamendua eta  harremanetarako datuak eskuragarri daude www.goierri.eus webgunean.


 Eskualdatze zerbitzuaren aurkezpena