• Udalak eskertu du herriko eragileen partaidetza eta esfortzua: “ezinbestekoak dira jai programazioa aurrera eramateko”. Horrez gain, garbiketa lantaldeak zein osasun eta prebentzioko langileek burututako lana ere nabarmendu dute udal ordezkariek. 

Lazkaoko Udalak San Prudentzio jaien balantze “oso positiboa” burutu du: “bi asteburutan banatutako 8 eguneko jai egitarauak herritar zein bisitari ugari erakarri ditu, bereziki bi larunbatetan eta apirilaren 30ean, Kuadrilen Eguna. Nabarmentzekoa ez dela inolako eraso matxistarik izan, jendeak arduraz eta errespetuz jokatu duen seinale. Eguraldia ere lagun izan da eta herritarren zein eragileen partaidetza altua”. Hain zuzen, eskertu du herriko eragileen partaidetza eta esfortzua: “ezinbestekoak dira jai programazioa aurrera eramateko”. Horrez gain, garbiketa lantaldeak zein osasun eta prebentzioko langileek burututako lana ere nabarmendu dute udal ordezkariek. 

Apirilaren 21ean eman zitzaien hasiera jaiei Antzar Korrikalariek jaurti zuten suziriarekin; Larunbatean, berriz, mozorro ugari izan ziren. Apirilaren 28an, San Prudentzio Eguna, arrakastatsuak bezain jendetsuak izan ziren haurren krosa eta bikote kros lasterketa. 

Apirilaren 30ean, kuadrila egunean, Erraldoien Lazkaoko I Bilkura ospatu zen. Bost talde bertaratu ziren herri ezberdinetatik: Sant Feliu de Llobregat, Orereta, Buztintxuri eta Uharte, Lazkaoko konpartsarekin batera. 

Kantaka abesbatzak,  festetako kontzertua eskaini zuen San Migel elizan, Gorka Alonsok (hitzak) eta Javier Alberdik (musika) konposatutako “Lazkao maitea” abestia estreinatu zuten. Gauean Eider Lazkaotarra plazako oholtza handian aritu zen kantari estreinatu berri duen diskoaren abestiak herritarrei abesten.

Maiatzaren 1ean, Lazkaoko musika bandak kalejira herrian zehar eta arratsaldean udaletxe aurrean  kontzertua dotore eskaini zituen. Dantza suelto txapelketan 9 bikotek parte hartu zuten eta irabazle Lezoko Mikel Esnaola eta Enara Altuna suertatu ziren. 

Tolin Mariatxiak, bakailao lehiaketak edo sardina janak ere, beste hainbaten artean, osatu dituzte San Prudentzio jai borobilak. 

Baina jaia ez da amaitu… Asteburu honetan, maiatzaren 5etik 7ra, Lazkaomendiko jaiak. Kontsultatu programa esteka honetan.