Albisteak

  • Bazkideek lehentasuna izango dute aurrez izena emateko eta hitzordua hartzeko, edukiera mugatua egongo delako.
  • Bazkide bihurtzeko izen ematea online www.lazkao.eus-en (labur.eus/IgeriIzenaEman) edo presentzialki egin ahalko da, baina telematikoki egitea eskatzen da ahal izanez gero, segurtasuna bermatzeko. Igerileku estaligabeetara sartzeko erreserba egiteko lehentasuna izango dute kiroldegiko urte osoko bazkidetza dutenek eta udako igerilekuetarako bazkidetza egiten dutenek. Bazkide ez direnek egunean bertan egin ahalko dute erreserba Bazkide ez direnek egunean bertan sarrera erosiz egin ahalko dute erabilera.

Lazkaoko igerileku estaligabeak uztailaren 1ean zabalduko dira 300 pertsonako gehieneko edukierarekin, eta bazkide izateko izen ematea ireki da gaur. Bazkideek lehentasuna izango dute igerilekuetara sartzeko hitzordua eskatzean: kiroldegiko urte osoko bazkidetza plusa dutenek eta udako igerilekuetarako bazkidetza egiten dutenek. Bazkide ez direnek egunean bertan egin ahalko dute erreserba. Bazkide ez direnek egunean bertan sarrera erosiz egin ahalko dute erabilera.

Bazkidetza aukerak

Igerilekuetara sartzeko aurretikako hitzordua hartzeko bazkide izan behar da, bestela egunean bertan dagokion sarrera ordainduz sartu ahal izango da lekua baldin badago. Igerileku estaligabeetako bazkide kontsideratuko dira kiroldegiko bazkidetza plusa dutenak eta udako igerilekuetako bazkidetza egin dutenak. Udako igerilekuetako bazkidetza Lazkaon erroldatuta daudenak bakarrik egin ahal izango dute.

Bazkide bihurtzeko izen ematea online HEMEN: labur.eus/IgeriIzenaEman edo presentzialki egin ahalko da, baina telematikoki egitea eskatzen da ahal izanez gero, segurtasuna bermatzeko. 

Hitzordua hartzea

Igerilekuetara sartzeko eta edukiera kontrolatzeko, aurrez hitzordua eskatu beharko da. Adin guzietako bazkideek bakoitzak bere erreserba egin beharko du www.lazkao.eus webgunean ordu erreserbarako sortutako aplikazioan. Hitzordua aurrez eskatzeko lehentasuna bazkideek izango dute, eta bazkide ez direnek egunean bertan bakarrik egin ahalko dute erreserba.

2009 urtea edo aurretik jaiotako neska- mutikoek guraso edo adinez nagusia den arduradun batekin sartu beharko dute. 

Erabiltzaile bakoitzak eguneko txanda bat erreserbatu ahal izango du, gehienez ere bi ordu eta erdiko iraupenekoa. Hitzartu daitezkeen orduak hiru txandatan banatu dira, astelehenetik igandera: 11:00etatik 13:30etara, 14:30etatik 17:00etara eta 18:00etatik 20:30etara. Hitzartu daitezkeen ordutegien arteko ordubetea desinfekziorako erabiliko da, eta eguna amaitzean instalazio osoa garbitu eta desinfektatuko da. Lehen eskaera batean gehienez bost hitzordu hartu ahalko dira pertsonako. Ondoren kiroldegian bertan, egunean bertan edo aurreko egunean hurrengo egunerako libre dauden tarteetan hitzordu gehiago hartu ahal izango dira.

Aforoa eta gehiengo edukiera

Igerileku estaligabeen gehieneko edukiera 300 pertsonakoa izango da, baina igerileku bakoitzak bere aforoa ere izango du: handiaren gehieneko edukiera 60 pertsonakoa da eta txikikoa 10 pertsonakoa.

Igerileku estaligabe handiko edukieraren neurketaren arduraduna soroslea izango da, eta igerilekuak sarrera bakarra izango du, eraikinaren aldera dagoen sarrera eta irteera bakarra, Goñitarren etxe aldera dagoena. Erabiltzaile guztiek bainatzeko aukera izan dezaten, 15 minutuko txandak jarriko dira. Denbora hau pasa ondoren, igerilekua hustuko da, hurrengo txandakoak sartu daitezen.

Igerileku estaligabe txikiko edukiera neurtzeko arduraduna guneko bigarren langilea izango da. Sarrera bakarra izango du, betiko sarrera eta irteera berria prestatu da San Jose auzo aldera. Pertsona helduak, gurasoak edo arduradun laguntzaileak ere edukieran kontabilizatuko dira eta, igerileku handian bezala, 15 minutuko txandak ezarriko dira erabiltzaile guztiek bainurako eskubidea izan dezaten. Gehieneko edukierara iritsi ondoren bi igerilekuak itxiko dira.

Berdeguneari dagokionez, edukiera hitzorduaren bidez kontrolatuko da eta gehieneko edukiera izango da instalazio osoaren gehienezko edukiera (300 pertsona). Arduradun bat egongo da igerilekuko ordena bideratzeko, arauak betetzen direla bermatzeko, edukiera kontrolatzeko, komunen erabilera kudeatzeko eta igerileku txikiko edukiera kontrolatzeko. Bestalde, berdegunea partzeletan banatu da eta zirkulazio bideak markatu dira, oihalen artean segurtasun distantzia bermatzeko. Partzela bakoitza banakakoa izango da: 2,5m x 2,5m izango ditu. Familien kasuan pertsona bakoitzak partzela bat izango du eta bata bestearen ondoko partzelak izanik, elkarrekin egon ahalko dute.

Sarrera eta irteera

Igerileku estaligabeetarako sarbidea kiroldegiko ohiko sarrera edo sarrera nagusia izango da, eta derrigorrezkoa da kiroldegian sartu eta korridoreetan ibiltzeko musukoa erabiltzea. Igerilekuko irteera, berriz, San Jose aldean dagoena izango da. Eskaileretan noranzkoak markatuta egongo dira gezien bidez eta erabiltzaileek musukoarekin joan beharko dute. Bestalde, goiko eta beheko berdeguneen artean dauden bi txirristak ezingo dira erabili.

Zerbitzu osagarrien erabilera murriztua

Igerilekuetako aldagelak ezingo dira erabili eta igerilekuetan dauden dutxak soilik egongo dira erabilgarri. Komuna beharrezko kasuetan soilik erabiliko da, banaka (laguntza beharrezkoa dutenen salbuespenak onartuko dira). Erabili ondoren bertako langileari adieraziko zaio. Iturriak ere ezingo dira erabili eta berdegunean jolaserako objekturik ere ez. Ez da hamakarik egongo, bakoitzak berea eraman beharko du, eta igogailua beharrezko salbuespen kasuetarako soilik egongo da martxan.

Udalak azpimarratu du, igerilekuak zabaltzen direnean “garrantzitsua” dela “erabiltzaile guztiek arauak betetzea”, prebentzio neurriak errespetatuz soilik egongo delako igerilekuak erabiltzeko aukera. Sarreran eskuak garbitu beharko dira eta langile batek tenperatura hartuko dio erabiltzaile bakoitzari.

 

 igerilekua