Tokiko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko eta sustatzeko urtero egiten den udazkeneko kanpaina aurkeztu dute gaur udalak eta Lazkaon elkarteak.

Aurtengoa udazkeneko hirugarren kanpaina izango da. Lazkao Txiki bertsolaria hil zela 25 urte bete dira aurten, eta Lazkaoko Udalak eta Lazkaon merkatari elkarteak bat egin dute urteurrenaren harira antolatzen ari diren ekintzekin.

Lazkao Txiki Kontu Kantari izeneko kanpaina antolatu dute aurten udalak eta Lazkaon elkarteak, San Benito ikastolaren, Lazkao Txiki Musika Eskolaren eta Goierriko Bertso Elkartearen laguntzarekin.

Hiru saio antolatu dira, nahi duten guztiek, haur, gazte, zein heldu, oholtzara igo eta Lazkao Txiki gogoraraziko duen bertso, abesti, ipuin, kontakizun, pasadizo edo txiste bat kontatzeko. Parte hartzen duten guztiek kanpainarako diseinatu den kamiseta bat jasoko dute opari. Horrez gain, opari baleak ere zozkatuko dira, kanpainan parte hartzen duten 71 establezimendutan erabiltzeko.

Hiru saioetatik lehena ostiral honetan, urriak 19, izango da, Lazkaon elkarteak antolatu duen azokarekin bat eginez. Hurrengo bi saioak, berriz, urriaren 26an eta urriaren 31n izango dira. Ostiral honetako saioa Euskadi plazan izango da, urriaren 26koa Jose Lasa parkean eta urriaren 31koa Lazkao Txiki plazan.

Saioak 17:00etan hasiko dira, eta hiru egunetan Goazen! saioko aktore Inma Fernandez izango da dinamizatzailea eta aurkezlea.

Izen ematea denda eta tabernatan

Hiru saioetako batean parte hartzeko, herriko dendatan eta tabernatan dauden izen emate orriak bete behar dira, eta bertan dauden kaxetan sartu. Izena ematerakoan zein egunetan parte hartu nahi den eta zer egingo den zehaztu behar da.

Kanpainaren helburua herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduak sustatzea da, herria girotuz eta kalea animatuz. Kanpoko bisitariak ere erakarri nahi dira, Lazkaon dagoen eskaintza ezagutu dezaten.

Lazkaoko Udalaren helburu nagusietako bat da herriko merkataritza eta ostalaritza indartzea, eta horregatik, azken urteetan hainbat ekintza antolatu dira, urteko garai ezberdinetan. Gero eta denda eta taberna gehiago dira kanpaina hauekin bat egiten dutenak, eta Lazkaoko Udaletik bide horretan lanean jarraitzeko gonbidapena egiten da, elkarrekin herri bizi bat izateko.