• Astelehenetik ostiralera egin daitezke kontsultak, 10:00etatik 14:00etara, telefono, email eta web orrialdearen bitartez.
  • Herritarrek gehien gauzatzen dituzten kontsulten azalpenak eman dituzte bulegoko arduradunek. 

Covid-19aren krisialdia dela eta kontsumitzaileak babesteko udal bulegoak ere aldaketak izan ditu, gainontzeko udal zerbitzua askorekin gertatu den moduan. Ondorioz, kontsumitzaileei informazioa emateko edota erreklamazio bat aurkezteko aurrez-aurre ematen den zerbitzua, Lazkaoko Udalean ostegunetan eskaintzen dena, etenda gelditu da.

Honen aurrean, herritarrek zerbitzua jasotzeko aukera izan dezaten, oraingoz bulegoetan eskaini ezin den zerbitzua, telematikoki ari dira ematen.

Beraz kontsumo gaien informazio, galdera, kontsulta, erreklamazioak…izanez gero, hona hemen kontaktu bideak:

  • Telefonoa: 943022547
  • Fax-a: 943022572
  • Web-a: www.kontsumobide.eus
  • Posta elektronikoa: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Arreta ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

Dena dela, hona hemen herritarren gehien burututako galderen azalpenak:

Kontratu jakin batzuk suntsiarazteko eskubidea, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei penalizaziorik ezarri gabe

  Neurri horrek produktu-erosketen eta zerbitzu-prestazioen kontratuei eragiten die, baita segidako traktuen kontratuei ere (halakoak dira, adibidez, gimnasioenak). Kontsumitzaileak 14 egun ditu kontratuaren suntsiarazpena eskatzeko, hura betetzea ezinezkoa dela dekretatzen den unetik aurrera.

Baina lehenik eta behin zerbitzua eskaini duen edo produktua saldu duen entitatearekin negoziatu behar da, fede onean oinarrituta akordio bat egiten saiatzeko (bonuak, kontratuaren luzapena, ordezko zerbitzuak, eta abar). Kontratua betetzea ezinezkoa dela erabakitzen denetik 60 egun igaro eta akordiorik egin ez bada, kontsumitzaileak 14 egun izango ditu kontratuaren suntsiarazpena eskatzeko.

Azkenean ezinezkoa bada kontratua betetzea, enpresak ordaindutako zenbatekoa itzuli beharko dio kontsumitzaileari. Enpresak gastuak kendu ahal izango ditu kopuru horretatik, baldin eta kontsumitzaileari behar bezala xehatuta jakinarazten badizkio. Enpresak eta kontsumitzaileak aukera daukate dekretuan adierazitakoez bestelako baldintzak adosteko.

Gimnasioak, akademiak...

     Segidako traktuko zerbitzuen kontratuei dagokienez (gimnasioak, akademiak...), enpresa emaileak geroago berreskuratzeko zerbitzuak proposa ditzake , baina kontsumitzaileak ez onartzeko eskubidea dauka –ezin duelako edo ez duelako nahi–. Berreskuratzeko zerbitzuak onartu ezean, enpresak ordaindutako zenbatekoa itzuli behar du, zerbitzua erabili ez den egun-kopuruaren proportzio berean. Enpresak eta kontsumitzaileak erabaki dezakete, halaber, hurrengo kuotak murriztea. Halakoetan, zerbitzua berrabiarazi arte, enpresak ezin du beste ordainagiririk igorri, bi alderdiak ados ez badaude.

Bidaia konbinatuak

    Bidaia konbinatuak (leku bakar batean kontratatutako bi zerbitzu turistiko edo gehiago) ezerezten dituzten antolatzaileek edo bidaia-agentzia txikizkariek bonuak eskaini ahal izango dizkiete kontsumitzaileei, ordaindutako zenbatekoa bezainbestekoak edo itzuli behar izan duten zenbatekoa bezainbestekoak. Bonuak urtebeteko balioa izan beharko du, alarma-egoera bertan behera uzten den egunetik zenbatzen hasita, eta hartaz gozatzeko beharrezkoa den babes finantzarioa izango du. Urtebete igaro ondoren kontsumitzaileak ez badu bonua erabili, dirua itzul diezaiotela eskatu ahal izango du.

Bidaia ezerezteko erreklamazioa kontsumitzaileak egin badu, antolatzaileak edo bidaia-agentzia txikizkariak ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko dizkio, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteko Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren 160.2 artikuluan ezarritako baldintzak betez. Nolanahi ere, zerbitzuen hornitzaileek itzulketarik egiten badute, beti egingo da itzulketa. Hornitzaile batek edo batzuek soilik egiten badute itzulketa, kontsumitzaileak ordaindutako zenbatekoaren zati bat jasotzeko eskubidea izango du; hain zuzen ere, hornitzaileek itzuli dituzten zenbatekoei dagokien zatia. Itzulketa-epea 60 egun izango da, kontratua suntsiarazten den egunetik edo hornitzaileek itzulketa egiten duten egunetik zenbatzen hasita.

Aipagarriak:

50 eurora igo da kontakturik gabe ordaintzeko muga

Arauak eta gomendioak gogoan ditugu supermerkatura erostera goazenean: banaka joan behar dugu; ahalik eta gutxien joan eta beti zerrenda batekin; plastikozko eskularruak erabili; aurpegia ez ukitu; metro bateko gutxieneko segurtasun-tartea mantendu … Eta, ahal dela, hobe dugu txartelarekin edo mugikorrarekin ordaintzea, dirua, eskuz-esku dabilenez, kutsatzeko foku bat izan baitaiteke.

Ezohiko egoeran gaude, beraz, ordainbideetan ere neurriak hartu dira. Finantza-erakundeek, aldi baterako, 20 eurotik 50 eurora handitu dute kontakturik gabe ordaintzeko muga. Horrela, erostera zoazenean eta zenbatekoa 50 eurotik beherakoa bada, ez duzu makina ukitu beharko txartelaren PINa tekleatzeko.

Nolanahi ere, PSD2 izeneko ordainketa-zerbitzuei buruzko Europako zuzentarau berriarekin txertatutako segurtasun-, kontrol- eta autentifikazio-neurri indartuak aplikatzen jarraituko dira. Neurri horien arabera, PINa tekleatu beharko da 150 euro edo PINa tekleatu gabe 5 eragiketa jarraian pilatzen badira.

Kutxazainean komisiorik gabe dirua ateratzeko aukera eman dute hainbat erakundek.

Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioak (CECA) bezeroei komisiorik ez kobratzea erabaki du kutxazain sare osoan dirua eskuratzeagatik. Neurria martxoaren 30etik aplikatzen da, mugikortasunaren arloko gomendioak betetzeko helburuarekin.

Erakunde hauek hartu dute neurri hori: CaixaBank, Bankia, Kutxabank, Abanca, Unicaja Banco, Ibercaja Banco, Liberbank, Caixa Ontinyent eta Caixa Pollença.

Hileta-zerbitzuen prezioak arautu dituzte

Espainiako Gobernuak Covid19ren krisiak eragindako egoera ezberdinak jorratu ditu, eta horien artean hileta zerbitzuei eragiten dietenak daude. Zoritxarrez, krisi honek eragindako heriotzek jokabide batzuk azalaratu dituzte, eta, horien ondorioz, gobernuak esku hartu behar izan du kontsumitzaileen eskubideak babesteko.

Martxoaren 29ko SND/298/2020 aginduak (gaurko BOEn argitaratua) ezartzen du hileta-zerbitzuetako enpresek 2020ko martxoaren 14a baino lehen ezarrita zituzten prezioak aplikatu beharko dituztela.

Martxoaren 14tik hona prezio desberdinak, martxoaren 14koak baino altuagoak, alegia, kobratu dituzten enpresek ofizioz hasi beharko dute aldea itzultzen. Nolanahi ere, kontsumitzaileek 6 hilabeteko epea izango dute diferentzia hori erreklamatzeko. Epe hori alarma-egoera kendu ondoren sartuko da indarrean.

Bestalde, kontratatutako zerbitzuak edota produktuak ezin izan baditu erabiltzaileak krisiaren ondorioz entregatu edo erabili, zerbitzu edo produktu horiei dagozkien ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko zaizkio.

Ohiko galderak

1,- Hegaldiren bat erreserbatu duzu eta ezeztatu nahi duzu?

Kontuan izan, hegaldiaren egunera arte, astia baduzula informatzeko eta erabakiren bat hartzeko (baita hegaldiaren data gertu egon arren eta oraindik airelinearen berririk izan ez baduzu ere. Noizbait informazioa jaso beharko duzu). Konpainia zurekin harremanetan jartzen ez bada, kontsultatu webgunea, aplikazio mugikorra edo beste edozein komunikazio-bide, horien bidez abisu bat argitaratu duten jakiteko. 

Eskaini ohi dituzten aukeren artean, hegaldia beste data batera aldatzea edo dirua itzultzea da; beraz, konpainiaren eskaintza komeni zaizun ala ez erabaki beharko duzu. Kontuan izan: 

  • Data aldaketa: aldez aurretik informatu zaitez ea aukera horrek gehigarriren bat ba ote duen eta noiz arte alda dezakezun zure txartela. 
  • Dirua itzultzea: aukera horrek tranpa izan dezake, izan ere, batzuetan ez dizute abisatzen dirua bonu gisa itzuliko dizutela edo epe mugatua duela. Beraz, kontuz ibili, eta informatu zaitez dirua itzultzeko baldintzak onartu aurretik. 
  • Hala ere, konpainiak hegaldia bertan behera utzi badizu, txartelaren zenbatekoa itzuli beharko dizu, inolako zigorrik gabe. Ez onartu bonurik, zenbatekoa itzuli egin behar dizute. Dena den, ez duzu horregatik kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik, aparteko inguruabarrengatik izan da eta. 

Nolanahi ere, lehenengo gomendioa beti da negoziazioa, eta lortzen ez baduzu eta erreklamazio bat jarri nahi baduzu, gogoratu agintaritza eskuduna AESA dela, Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia.

Gogoratu dokumentazio guztia gordetzea erreklamatu ahal izateko! Horretarako, garrantzitsua da komunikazio guztiak posta elektronikoz edo euskarri iraunkor baten bidez egitea. 

2,- Egonaldiak: Aste Santurako egonaldia ezeztatu nahi duzu eta kopuru bat ordaindu behar duzun jakin nahi duzu.

Gaur-gaurkoz (2020-3-17), ez dago Aste Santuari eragiten dion inolako mugarik, eta, beraz, kontratuaren baldintzak bete beharko ditugu. Litekeena da ostatuak erreserba kobratzeko eskubide osoa izatea, beraz, negoziatzen saiatzea da gomendioa.

Oso bestelakoa litzateke zure erreserba San Jose zubirako balitz. Kasu horretan, mugitzeko eskubidea mugatu dute, eta, beraz, ostatuak ezereztea onartu behar du, inolako kosturik gabe. Ordaindutakoa itzultzen ez badizute, erreklamazio bat jarri ahal izango duzu Kontsumobiden.

3,- Bidaia konbinatuak: zati bat ordainduta duzu eta erreklamazioa egin ahal izateko dena ordaindu behar duzun jakin nahi duzu.

Kasu honetan, lehenik eta behin, argi eduki behar da ez dela beharrezkoa bidaia osoa ordaintzea erreklamatzeko eskubidea izateko, eskubide hori ez baita galtzen, eta, beraz, bidezkoa balitz, aurrerakina itzultzea erreklamatu ahal izango litzateke.

Nolanahi ere, bidaia ez egiteko erabakia zuena bada, eta ez bidaia-agentziarena, kontuan izan behar duzue kontsumitzaile gisa dituzuen eskubideak aldatu egiten direla erabaki hori agentziari modu frogagarrian jakinarazten diozuen dataren eta une horretan indarrean dauden neurrien arabera.

Horregatik, gure gomendioa da bidaiaren gainerako zatia ez ordaintzea erabakitzen baduzue, ez jakinarazi agentziari modu frogagarrian, eta, lehenik eta behin, saiatu akordioa lortzen aurrerakina itzultzeko.

Akordioa lortzen ez baduzue, Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzaren aurrean jarri dezakezue erreklamazioa.

Oharra

Bidaia konbinatutzat hartzen da 2 zerbitzu edo gehiago (garraioa, ostatua, txangoak...) konbinatzen dituena eta puntu batean kontratatua izan dena.

Lazkaoko Kontsumitzaileen Informaziorako bulegoa