Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak Koronabirusak eragindako egoerari buruz, eta Udaletik hartutako neurrien inguruan jardun du.

Gaur egun Lazkaon 2 herritar daude kutsatuta. Nabarmendu duenez egoera kontrolatua dago, baina etxean jarraitu behar dugu birusaren zabalpena ekiditeko. Lehentasuna lazkaotarren osasuna da zalantzarik gabe eta bide horretan hainbat neurri hartu ditu udalak. Neurri ororen gainetik, herritarren “konpromisoan eta solidaritatean” jarri du fokoa eta eskertu du lazkaotar guztien “jokabide arduratsua”.

Irakurri elkarrizketa: 

Martxoak 16 de marzo 21

Zer nola diharduzue lanean Udalean?

Udaletik, alderdi politiko eta langile guztiak batera ari gara lanean, gainerako erakundeekin batera, pandemia geldiarazi eta herritarren ongizatea bermatzeko. Hasiera hasieratik, Lazkaoko Udalak Koronabirusaren epidemiaren kudeaketa burutzeko Prebentzio eta Jarraipen mahaia sortu zuen, herri eta lurralde mailan koronabirusak duen eboluzioa aztertu eta neurriak kudeatzeko. Alarma-egoerak irauten duen bitartean mantenduko da batzorde berezi hau.

Neurriak etengabe hartu dituzue. 

Bai, hala da. Egoera ezezaguna zen guretzat, ez genekien birusak ere zer nolako indarrarekin egingo zuen aurrera. Gainerako erakundeekin koordinazioan, uneko azterketa eta beharrei erantzunaz, beharrezko neurriak hartzen joan gara. Hasieratik ezarritako eraikin publikoen eta jarduera oro eteteari jarraiki, egoeraren eboluzioarekin bat, herritarrak babestera bideratutako beste hainbat neurri hartu ditugu: kale eta elementu publikoen garbiketa eta desinfekzioa indartu dugu, batez ere jende gehien dabilen guneetan; eta, Konfinamenduan edo berrogeialdineurriek eraginda bakandurik dauden pertsonei etxez-etxeko laguntza eskaini eta arrisku taldeetan dauden pertsonei jarraipen telefonikoa gauzatzen dihardugu. Sasieta mankomunitatearekin elkarlanean ere hondakin bilketa egokitu dugu eta noski, Eusko Jaurlaritzatik ezarritako neurriak bete ditugu ere.

Etxeetan konfinatuta dauden pertsona zaurgarrienei laguntza-zerbitzua osatu duzue. Zer nolako bilakaera izan du?

Pandemiaren aurkako egungo edo ondorengo fasean, pertsona zaurgarriak daude, osasun, adin edo bestelako arrazoiengatik etxetik atera ezin direnak edo atera behar ez dutenak. Helburua da Lazkaoko udalerrian bizi diren 70 urtetik gorako edota mendekotasuna duten pertsonen eguneroko bizitzan behar-beharrezkoak diren oinarrizko zerbitzuei erantzutea, bereziki bakarrik bizi direnei edo familiaren laguntzarik ez dutenei. Premia bereziak, hala nola, ezinbesteko hornidurak -elikagaiak, higiene- eta garbiketa-produktuak eta bestelakoak- eskuratzea edo Osasun Txartel Indibidualean agindutako botikak jasotzea. Horretarako Udaletik 70 urtetik gorako edo bazterkeria egoeran dauden pertsonei deitu diegu. Guztira 15 zerbitzu inguru ematen ari gara, batez ere erosketak edota sendagaiak eramateko.
Honekin lotuta, eskertu nahi dut herriko saltokiek izan duten prestutasun osoa. Egunotan herriko merkataritza esfortzu handia egiten ari da, osasun krisi egoera honetan, herritarroi jakiak eskaini eta oinarrizko beharrak asetzeko. Nire esker osoa dute, benetan.

Udal mailan ere, aldaketak egin dituzue.

Bai noski. Udala krisiari aurre egin eta herritarrak babestera ari da bideratzen bere esfortzu guztiak. Zerbitzu esentzialak soilik mantentzen ditugu eta egokituta, garbiketa eta desinfekzio lanak areagotu dira, eta udal langileriak, ia bere osotasunean, tele-lanean dihardute. Gure premisa, egoera berezi honetan ere, herritarrari ahalik eta zerbitzu onena ematea da.

Lehenik, azpimarratu lazkaotarrek agertu duten portaera eredugarria eta konpromezu maila. Txalogarria. Era beran, bidezkoa da nire ustetan, Udal lan talde guztiari eskerrak ematea eta guztien lana balioan jarri nahiko nuke. Bizitzen ari garen egoera honetan, gehiago jabetzen gara beraien lanaren garrantzia eta gestutasuna. Bestalde, ez nituzke aipatu gabe utzi nahi, era batera edo bestera, borondatezko laguntza eskaini duten talde, enpresa eta norbanakoak ere. Bihotzez, eskerrik asko..

Txindoki Zahar egoitzako pertsolaren lana ere aipatzekoa da, osasun zentroarekin batera. Erabaki egokiak hartu dira nire ustetan eta borrokaren lehen lerrotik, izugarrizko lana egiten ari dira.

Ekonomikoki, zein plangintza duzue eskuartean?

Alarma egoera honek, ezbairik gabe, eragin zuzena izango du ekonomian. Geldialdia ia erabatekoa da, eta une honetan ezerezean izateak eta ostean abiaraztea kosta egingo da. Zuhurtziaz jokatu behar degu, aurreikus daiteke udalak diru-sarrerak murriztuak ikusiko dituela. Egoera honetan, Administrazioak lagun behar du izan. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, ekonomia berraktibatzeko abian jarri dituzten eta jartzen ari diren neurriak aztertzen ari gara, herritarrarengan eta ehun ekonomikoan izaten ari den eragina arintzeko. Dagoeneko onartu dugu hainbat zerga eta tasen kobrantzak bertan behera uztea, eta neurri berriak zehazten joango gara gainerako erakundeekin elkarlanean eta horiek hartzen dituzten neurrien osagarri direnak hartuz, batez ere enpresa txikiei zuzenduta: merkataritza, ostalaritza, autonomoak, tailerrak….. baina beti ere, erantzukizun eta zuhurtzia handiarekin.

Zein tramite burutu dituzue atzerrian zeuden lazkaotarrak bertaratzeko?

Herritar asko etxetik kanpo harrapatu ditu egoera honek. Poliki-poliki lortu dute gehienek etxeratzea, nahiz eta zailtasun eta momentu gogorrak bizi izan dituzten. Saiatzen ari gara kontaktua izaten eta gure ahalmen neurrian laguntzen.

“Ez dago atsedenik. Birusak aurrera dirau, baina munduko zuhurtzia guziarekin bada ere, ematen du tendentzia aldaketa baten aurrean gaudela, positibo kasuen datuak ikusita eta gora beherak izango badira ere, egonkortze fase batetan sartu garela. Hala eta guztiz ere, bere hortan jardun behar dugu, ondorioak, ahalik eta txikienak izan daitezen alor orotan. Arratsaldero 20:00etan gure balkoietan entzuten ditugun txaloek irudikatzen dute sendagai nagusienetako bat: Erakunde ezberdinen arteko elkarlana eta lazkaotarron ardura eta konpromisoa; bat eginik, aurrera egingo dugu”.