• Banaketa ostegun honetan burutu da, apirilak 30, udal langileen bitartez. 70 urtetik gorako herritarren buzoietan utzi dira maskarak. Pertsona horiek oinarrizko kudeaketak egitera irteteko maskara bat izan dezaten ziurtatzea da helburua, beren osasuna bermatuz horrela.
  • Udala 70 urtetik gorako herritarrekin harremanetan dago telefonoz, haien egoeraren eta beharren berri izan eta laguntza emateko.

Lazkaoko Udalak 900 maskara banatu ditu 70 urtetik gorako herritarren artean, COVID19-arekiko arrisku handienekotzat jotzen direnak.

Banaketa ostegun honetan burutu da, apirilak 30, udal langileen bitartez. 70 urtetik gorako herritarren buzoietan utzi dira maskarak.

Udalak ekimen hau sustatu du arrisku handieneko herritarren segurtasuna bermatzeko: "Pertsona horiek oinarrizko kudeaketak egitera irteteko maskara bat izan dezaten ziurtatzea da helburua, beren osasuna bermatuz horrela”.

Udalak maskara gehiago eskuratzeko tramiteak burutzen dihardu, beharrezkoa zaien herritarren artean banatzeko.

Udala 70 urtetik gorako herritarrekin harremanetan

Udala 70 urtetik gorako herritarrekin harremanetan dago telefonoz, haien egoeraren eta beharren berri izan eta laguntza emateko. Kepa Zubiarrain alkateak adierazi duenez, “Pandemiaren aurkako egungo edo ondorengo fasean, pertsona zaurgarriak egon daitezke, osasun, adin edo bestelako arrazoiengatik etxetik atera ezin direnak edo atera behar ez dutenak”. Helburua da Lazkaoko udalerrian bizi diren 70 urtetik gorako edota menpekotasuna duten pertsonen eguneroko bizitzan behar-beharrezkoak diren oinarrizko zerbitzuei erantzutea, bereziki bakarrik bizi direnei edo familiaren laguntzarik ez dutenei. Premia bereziak, hala nola, ezinbesteko hornidurak -elikagaiak, higiene- eta garbiketa-produktuak eta bestelakoak- eskuratzea edo Osasun Txartel Indibidualean agindutako botikak jasotzea.

Udalak gogorarazi du, nahiz eta deseskalatze fasea abian jarri, segurtasun neurri oro bete behar direla: pertsonen arteko distantzia mantendu, garbiketa bermatu, prebentzio neurria aplikatu, eta sintomarik izanez gero, osasun zerbitzuetara jo.

IMG 2643