Lazkaoko Udaleko Berdintasun batzordeak 2018rako ekintzak zehazteko lanean jarraitzen du. Asteazkenean, urtarrilak 10, egingo du bigarren bilera irekia, 19:00etan, udaletxean, herritarren ideiak eta ekarpenak biltzen jarraitzeko. Berdintasun batzordeak urrats bat gehiago eman nahi du, eta herriko eragileei eta interesatuta egon daitekeen edonori dei egiten zaie asteazkeneko bileran parte hartzera.

Abenduaren 12an egin zen bileran zehaztu zenez, urtean zehar bereziki honako uneak hartuko dira kontuan ekintzak gauzatzeko:

  • Martxoaren 8a, emakumeen eguna
  • Apirila: herriko jaiak
  • Ekaina: LGTBI kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko
  • Azaroaren 25a, indarkeria martxistaren kontrako eguna

Data zehatz horiez gain, egutegia irekita dago, beste momenturen batean aproposa izan daitekeen beste ekintzaren bat egiteko. Horrez gain, Berdintasun batzordeak udaleko beste arlo batzuekin batera lan egiteko proposamena ere egiten du gai puntualen inguruan (euskara, kultura, hirigintza…).

Asteazkeneko bileraz gain, Berdintasun batzordeak beste bide batzuk ere zehaztu ditu ekarpenak eta ideiak jasotzeko:

  • Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera ideiak edo proposamenak bidalita
  • Zuen ekintzetan berdintasun ikuspegitik lanketa bat egin daitekeela ikusiz gero, batzordearekin bat eginez
  • Ekintza zehatzak daudenean behar den horretan laguntzeko prest zaudela edo zaudetela adierazita (udaletxera gerturatura edo emailez jakinarazita)

Ekarpenak jasotzeko urratsa
Lazkaoko Udaleko Berdintasun batzordeak legealdi hasieran egin zuen lehen deialdi irekia, baina ez zen nahi adina erantzun jaso. Berdintasun batzordearekin batera San Benito Ikastola, herriko emakume taldea eta Gaztelekua elkarlanean aritu dira ordutik,

pixkanaka herrian zehar berdintasun gaiak eta ekintzak antolatzen. Orain, ordea, beste urrats bat eman nahi da, herriko eragileekin eta norbanakoekin elkarlana areagotzeko. Bide horretan, abenduaren 12an egin zen lehen bilera. Bertan, orain arte egindako lanen berri eman zen.

Udalak onartuta duen I. Berdintasun Plana da proiektuaren abiapuntua eta honen baitan onartutako lan ildoak emakumeen ahalduntzea eta indarkeria dira. Iaz Goierriko Zubia taldearekin batera LGTBI kolektiboaren aldeko jarduna ere antolatu zen. Aurtengorako antolatu diren ekintzetan herritarren eta eragileen parte hartzea bultzatu nahi da.