Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzek aurrera jarraitzen dute. Asteazkenean izango da hurrengoa: “Emakumea eta artea” mahai-ingurua.

Artearekin lotura duten herriko hiru emakumek parte hartuko dute mahai inguruan: Kari Eztala jostunak, Maider Urretabizkaia margolariak eta Nerea Barandiaran musikariak. Maddi Garmendia ikus-entzunezkoen ekoizlea izango da saioaren gidaria. Mahai ingurua datorren asteazkenean, martxoak 21, izango da, 18:00etan, kultur etxeko areto nagusian.

Lanbidez irakaslea izan da Kari Estala, baina betidanik izan du eskulanak egiteko afizioa. Ikaslea ikasi zuen josten, bere irakaslearengandik. Ordizian bordatzen ikasteko ikastaroak eman zituen, eta irakasle hasita ere inoiz ez zuen bere afizioa alde batera utzi. Irakasle izateari utzi aurretik hasi zen berriz josten ikasten, eta mantelak, kortinak, kuxinak… egiten ditu, eskuz zein makinaz.

Margolaria da Maider Urretabizkaia. Arte Ederrak ikasi zuen Bilbon, eta pintura alorrean espezializatu zen. 1996tik gaur egunera arte pintura eta marrazki sormeneko tailerrak ematen ditu, bai Lazkaon eta baita eskualdeko zein eskualdez kanpoko hainbat herritan. Bakarka zein taldeak egindako erakusketa ugari izan ditu, eta hainbat sari ere jaso ditu. Enkarguz egindako lanak edo horma irudiak egiten ere aritzen da.

Lazkao Txiki Musika Eskolaren sortzailea, 7 urtetatik musika munduan murgilduta bizi da Nerea Barandiaran. Lazkaon hasi zen ikasten, Irene Izagirrerekin eta Arantxa Gastesirekin. Bi emakume hauek izan ziren Barandiaranen musika ibilbidearen bultzatzaileak. Beasainen eta Donostian osatu zituen bere ikasketak, eta 1996an sortu zuen herriko musika eskola. Beti izan zuen hori egiteko desioa: lazkaotarrei musika ikasteko eta diziplina honekin gozatzeko txoko bat eskaintzea. Musika lau haizetara zabalduz jarraitzen du.

Maddi Garmendia izango da mahai ingurua gidatuko duena. 21 urte ditu eta ikus-entzunezkoa gradua amaitzen ari da. Baina dagoeneko artearekin lotura duten hainbat lan egin ditu, tartean Itziar Aizpuru protagonista duen film labur bat, esaterako. Euskadi Irratian kolaboratzaile ari da azken urtean.

Bigarren urtea da Lazkaoko Udaleko Berdintasun Batzordeak emakumea ardatz hartuta mahai ingurua antolatzen duena Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltako ekintzen artean. Iaz, herriko hainbat emakumek euren egunerokoa plazaratu zuten.

Lazkaoko Udaleko Berdintasun Batzordea herriko hainbat elkartek osatzen dute: Azki Emakume Elkarteak, Gaztelekuak, Gazte Asanbladak, Gerriko Kultur Elkarteak, Lazkao Txiki Musika Eskolak, Maizpide Euskaltegiak, Orobione Jubilatuen Elkartak eta San Benito Ikastolak. Elkarte horiekin batera hainbat herritarrek ere parte hartzen dute Berdintasun Batzordean.