Eraso sexistak nola antzeman eta ekidin edo antzemanez gero kasua nola artatu jakiteko zein protokolo jarraitu behar den ikasteko aukera egongo da Lazkaon ostiralean.

Udaleko Berdintasun sailak bultzatuta, eta Gazte Asanbladarekin elkarlanean, Emagin elkarteko ordezkari batek gidatuko du saioa, eta gaian interesa izan dezakeen herritar guztiei irekita egongo da. San Prudentzio festak iristear daudenez, Berdintasun Batzordetik dei berezia egiten zaie tabernariei, eta saioan parte hartzera gonbidatzen zaie. Saioa 15:00etan hasiko da, eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Udaletxeko batzar aretoan izango da.

Indarkeria matxistari aurre egitea denon ardura dela aldarrikatzen da behin eta berriro. Askotan, ordea, ez da jakiten nondik hasi. Ez da egun bakarrean egiteko kontua, jakina. Indarkeria kasuekin amaitu nahi bada, kontuan hartu behar da lanketa ez dela zerotik abiatzen, eta bide luzea dagoela egiteko.

Bide luze horretan lagungarria izango da indarkeria sexistaren dimentsio politiko, ideologiko eta ekonomikoa ezagutzea. Norabide horretan, horiei aurre egiteko, arlo prebentiboan, esku-hartzean eta erantzunean zer egin behar den ere aurrez adostu behar da. Eta horixe da ostiraleko saioaren helburua: Indarkeria sexista izendatzea, makineriak nola funtzionatzen duen aztertzea eta norberaren jarrera zehaztea.