“Trans-formatzen” dokumentala ikusi ahalko da Lazkaon, hilaren 27an. LGTB kolektiboaren nazioarteko egunaren harira antolatu du emanaldia udaleko Berdintasun Batzordeak. 19:00etan izango da, Arerian. Dokumentala euskaraz izango da, eta gaztelaniazko azpitituluak izango ditu.

HiKiru taldeak ekoitzitako lana da “Trans-formatzen”, eta “transexualitatearen inguruko zalantzak eta iluntasunak argitzen ditu”, taldekideek azaldu dutenez. Testigantzak eta informazio bilketaren bitartez, gertutik eta gertuan egoera ezberdinak ezagutzeko aukera luzatu eta gogoetarako euskarria eskaini nahi du. Ekaitz Goikoetxeak, Aitor Lanasek eta Garazi Zabaletak osatzen dute HiKiru.

Ikastolan bertan ere landu dute gaia, eta ikasleek dokumentala ere ikusi dute. Hala, ikastolatik adierazi dutenez, “Trans-Formatzen dokumentalak gizon/emakume, neska/mutil definizio klasikoak, tradizionalak edo konbentzionalak hankaz gora jartzen dituen lan ausarta da. Askatasunaren, dibertsitatearen eta giza duintasunaren aldarrikapen honek biologiaren, sentikeraren eta gizarte inertzien arteko tentsioa agerian uzten ditu, beti ere, desberdintasunak errespetatzeko betebeharraz gain, trans errealitatearen aniztasuna ulertzeko eta apreziatzeko erronkak plazaratzen dizkigula. Giza duintasunaren aldeko lan aparta da Goikoetxeak, Zabaletak eta Lanasek egindako kantu etiko hau”.

Dokumentalaren helburua trans mundua eta aniztasuna bezalako gaiak normalizatu eta ikasgelan nahiz ikasgelaz kanpo behar bezalako hausnarketa eta lanketak bideratzea da. Besteekiko errespetua eta begirunea zaintzea eta eguneroko hizkera erantzukizunez erabiltzea ere bilatu nahi du dokumentalak. Azken finean, “transexualitatea, generoa, identitatea, aniztasuna eta jazarpena bezalako gaiak ezein ikasgaitan naturaltasunez txertatzea”.

Dokumentalaz gain, hitzaldi, errezitaldi eta klase praktikoen bidez, ikasleak eta herritarrak transexualitatearen, transgerneroaren eta aniztasunaren inguruan formatzea du helburu HiKiru taldeak.

Iazko bideari jarraituz, Lazkaoko Udaleko Berdintasun Planaren barruan antolatu da emanaldia. Iaz Goierriko Zubia kolektiboko kideek hitzaldia egin zuten LGTB kolektiboaren nazioarteko egunaren harira, eta aurten dokumentala eta honen inguruko solasaldia izango dira ardatza.