Joxe Migel Iztueta “Lazkao Txiki” bertsolaria hil zela 25 urte bete dira aurten eta Gerriko kultur elkarteak, Lazkaoko Udalak eta Lazkao Txiki Musika Eskolak urteurrena gogoratzeko hainbat ekintza antolatu dituzte.
Horren harira “Lazkaotxikikeriak” liburua aurkeztu dute. San Benito ikastolako ikasleek ipuinak egin zituzten Lazkao Txikiren inguruan, eta ipuin horietako bat argitaratu dute, Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailearen marrazkiekin.
Larunbaterako, berriz, bisita antolatu dute Lazkao Txiki jaio zen Abalin baserrira. 11:00etan Lartxai Elkartean elkartuko dira eta oinez joango dira Abalinera. Bertan, Lazkao Txikiren logela eta bertan gorde dituzten hainbat gauza ikusi ahalko dira.
Ondoren bertsoak eta musika uztartuko dituen saio berezia egingo dute Abalinen bertan. Lazkao Txikirekin bertsotan aritutakoak, etxekoak, Lazkao Txiki Musika Eskolako kideek eta Zaldibiako hainbat gurasok eta haurrek parte hartuko dute.
Lazkaoko Udaletik ekitaldian parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie herritarrei, eta Lazkaomendira oinez joateko deialdia egin du.