• Erantzun Plana osatuko da: alor soziala eta ekonomikoa hartuko ditu bere baitan. Beste hainbaten artean, Lazkaon kontsumoa bultzatzeko bono edo pizgarriak jaulkiko dira, online salmentari bultzada, edota tasak ordaintzetik salbuestea. Kaleak bizitzeko aktibitateak eta jarduera kulturalak areagotuko dira , egoerak uzten duenean eta beti ere osasuna lehenetsiz.
  • Neurriok finkatze aldera, erakunde eta administrazio publikoek laguntzak banatzeko hartutako neurrien ondoren, Udalak, edonolako erabaki hartu aurretik, merkatari, ostalari eta autonomoekin bilerak egiten dihardu.
  • Kepa Zubiarrain, alkatea: “Koronabirusaren pandemiak fase ezberdinak izan ditu: lehenengo asteetan herritarren segurtasuna eta babesa bermatu dugu, eta orain, horretaz gain, ehun ekonomikoaren berraktibatzea da jomuga. Neurri egokiak hartzeko, ezinbestekoa da krisiak tokiko eremuan eragiten duen inpaktu sozial eta ekonomikoa dimentsionatzea, adostasun handiarenarekin egitea, udalerriko establezimendu guztien sentimendua eta errealitatea jasoz”.

Koronabirusak kolpetik mugiarazi du gure gizartea, sozialki zein ekonomikoki aldaketak eraginez. Horren aurrean, administrazioaren erantzuna funtsezkoa da, herritar eta ehun ekonomikoarekin lankidetzan, koronabirusak eragindako kalteak arindu eta ehun ekonomikoa berraktibatze aldera.

Lazkaok lehen unetik hartu ditu neurriak: martxoaren 13an eraikin publikoak itxi ziren, Udala ezik. Horrez gain, segurtasun neurri oro aplikatu zen koronabirusaren hedapena mugatu eta herritarrak babesteko. Martxoaren 14an, berriz, Espainiako Gobernuak Alarma Egoera ezarri zuen, funtsezkoak ez ziren enpresak itxiz.

Horrek ehun ekonomikoan eragin zuzena izan du eta administrazio ezberdinek koronabirusaren ondorioak arindu eta herritarrak babesteko neurriak bultzatu dituzte.

Lazkaoko Udalak lehen neurri batzuk hartu zituen udal zerga eta tasen kobrantza eten edo atzeratuz edota kuota ezberdinen ordainketak itzuliz. Aztertu ditu ere Udalaz gaindiko erakundeek bultzatutako neurriak eta lazkaotarrei aplikagarri zaizkien xehetu. Helburua da erakunde ezberdinen laguntzak osagarri izatea eta kolektibo ezberdinen behar ugariei erantzuna ematea. 

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetan eragin zuzena izan du pandemiak. Erakunde eta administrazio publikoek laguntzak banatzeko hartutako neurrien ondoren, Udalak, edonolako erabaki hartu aurretik, merkatari, ostalari eta autonomoekin bilerak egiten dihardu udal gobernuko arduradunak, alkatea buru.

Helburua da Lazkaoko zerbitzuen sektorearen diagnosia egin eta fin egokitutako neurriak jaulkitzea. “Ezinbestekoa da herritar enpresari eta autonomoen kaleko pultsua jasotzea eta beren behar errealei erantzuna ematea” xehetu du Kepa Zubiarrain alkateak. “Gure konpromisoa erabatekoa da sektorearekiko”.

“Koronabirusaren pandemiak fase ezberdinak izan ditu: lehenengo asteetan herritarren segurtasuna eta babesa bermatu dugu, herritar ahulenekin kontaktuan jarriaz eta irekita zeuden komertzioei, oinarrizko material eskainiz. Orain, ehun ekonomikoaren berraktibatzea da jomuga. Neurri egokiak hartzeko, ezinbestekoa da krisiak tokiko eremuan eragiten duen inpaktu sozial eta ekonomikoa dimentsionatzea, adostasunez egitea, udalerriko establezimendu guztien sentimendua eta errealitatea jasoz”.

Erantzun Plana osatuko da

Lazkaoko ehun ekonomikoa berraktibatzea izango du helburu. Alor soziala, ekonomikoa eta kulturala hartuko ditu bere baitan. Arestian aipatutako osagarritasuna oinarri, hiru laguntza lerro nagusi zehaztu ditu Udalak, eragileekin edukia finkatzen badihardu ere.

Kontsumoa bultzatzeko eta tokiko erosketak helburuarekin, sentsibilizazio eta sustapen kanpaina bat jaulkitzeko asmoa agertu du Udalak. Era berean, Lazkaon erosi eta kontsumitzeko bono edo pizgarriak erabiliko dira. Merkataritza Mahaian, herriko saltokiekin elkarlanean eramango du kanpaina aurrera.

Online salmentari bultzada. Sarean gaude, inoiz baino gehiago. Bertako merkataritzaren aukerak areagotzeko online salmenta mekanismo bat bultzatzeko urratsak ematen hasteko asmoa du Udalak, .

Tasak ordaintzetik, aldi batean, salbuestea: zaborra, ura (zati finkoa), terraza eta errotuluak ez kobratu. Posible den tokietan terrazen espazioa handitzeko aukera ere aztertzen ari da Udala ostalari bakoitzarekin.

Beste hainbat neurri ere zehazten ari da Udala, azterketa eta kontraste fasean badira ere. Gutxi barru emango dira ezagutara.

Kaleak bizitzeko aktibitateak eta jarduera kulturalak areagotuko dira egoerak uzten duenean eta beti ere osasuna lehenetsiz

Bi noranzko onura: jendea kalera atera, eta bertan kontsumitzera bultzatzeaz gainera, kultur jarduera dinamizatuko du ere. Merkataritzaz gain, kultur sektorea oso kaltetua aterako da eta. Hori leuntzeko, ekitaldi osagarriak antolatuko dira Lazkao bizitzeko. 

Covid-19aren aurrean , Erantzun Plana definitzen ari da beraz Udala eta horretarako oposizioaren ekarpenak ere entzunak izango dira Merkataritza Batzordean.

Guztiaren gainetik, Udalak segurtasun neurri oro betetzen jarraitzeko deia egin du, lehentasuna osasuna da eta. “ Orokorrean, eredugarria izan da lazkaotarren erantzuna konfinamendu garai honetan eta orain ezin dugu atzera egin. Arduraz jokatzen jarraitzeko deia egiten dugu, baita deseskalatze fase ezberdinetan ere” berretsi du alkateak.

Lazkao