• Lazkaoko Udalak gaur jarri du martxan udalerriko ekonomia bultzatzeko bonu kanpaina, bertako ekonomiaren berraktibazio planaren barruan: 59 saltokik hartuko dute parte eta guztira 2.000 bonu jarriko dira salgai, ekainaren 5etik uztailaren 18ra arte. Epe laburrera edo ertainera, 150.000 euroko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusten da.
  • Lazkao suspertzeko beste neurri eta ekimen batzuk ere ezarriko dira: hurbileko kontsumoa sustatzeko sentsibilizazio eta sustapen kanpainarako promozio bideoa aurkeztu du Lazkaoko Udalak, beste ekimen batzuen artean.
  • Kepa Zubiarrain: "Garai zailak dira gure ehun ekonomikoarentzat, eta oraindik ez dakigu ziur zein izango den etorkizun hurbila eta, bereziki, arlo ekonomikoan. Baliabideak mugatuak badira ere, argi daukagu guztiok dagokigun tokian bagaude egoera hau gainditu eta indartuta aterako garela".

Herriko ekonomia berraktibatzeko bonu kanpaina hasi da gaur Lazkaon eta bertako saltokietan erosketak sustatzeko bideo bat aurkeztu du Udalak. Koronabirusak izandako ondorio ekonomikoak arintzeko helburuarekin, “Udaletik berraktibazio plan bat jarri berri dugu abian, barne hartzen dituena, beste hainbaten artean, herri ekonomiak Covid-19ak izandako eragina leuntzeko hainbat neurri”, adierazi du Iñaki Estensorok, Ekonomia Jarduerako zinegotziak.

Kepa Zubiarrain alkateak nabarmendu duenez, beharrezkoa da udal aurrekontua "birdoitzea", COVID 19k sortutako egoerari erantzuteko, bereziki herritarren ongizateari eta susperraldi ekonomikoari begira, eta, bestalde, diru-sarreren murrizketari begira: Foru Funtsa %20 eta %25 artean murriztuko da, eta baita tasen hobariak aplikatzeagatik eta jarduera ekonomikoa gutxitzea aurreikusten delako”.

Bonu kanpaina: “Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?”

Lazkaoko Udalak hasiera eman dio gaur ekainaren 4tik uztailaren 18ra arte iraungo duen bonu kanpainari. Lazkaoko 59 saltokietan erabiltzeko 2.000 bonu jarriko dira salgai, 20 euroko prezioan 30 euro erosteko ahalmena dutenak. Bonoak 5 euroko 6 kupoitan banatuko dira eta pertsona bakoitzak 10 bonu erosi ahal izango ditu gehienez. Zenbakituta egongo dira, eta eroslearen NAN-a gordeko da bonu bakoitza saltzean. Bi mota daude, txartelen atzeko zerrendan duten kolorearen arabera: bi bonu saltoki guztietan erabil daitezke (elikadura-dendak eta farmaziak barne), eta gainerako laurak COVID 19aren ondorioz itxita egon direnetan bakarrik. Lazkaoko udaletxean egongo dira salgai, 9:00etatik 14:00etara. 

Halaber, ekainean, astelehen goizero eta ostiral arratsaldetan erosi ahal izango dira, plazan horretarako prestatuko den postu batean. Kanpainak 150.000 euroko eragin ekonomikoa izatea aurreikusten da.

Sentsibilizazio kanpaina

Hurbileko kontsumoa sustatzeko sentsibilizazio kanpaina ere Lazkaoko Udalak sustatutako berraktibazio planaren parte da. Promozio ekintza aurkeztu du gaur, herritar guztiak herriko denda eta saltokietan erostera gonbidatzen dituen bideo batekin.

“Gaur aurkezten dugun bideoa oso hunkigarria da, eta ilusioz eta baikortasunez betetako mezua zabaldu nahi dugu berarekin” adierazi du Iñaki Estensorok.

BIDEOA hemen ikusgai.

 Berraktibazio planaren sei laguntza ildo nagusiak

Herriaren berraktibatze planean sei laguntza ildo nagusi onartu ditu Lazkaoko Udalak. Bonoak eta sentsibilizazio kanpaina dira horietako bi, merkataritza-bizitza suspertzeko eta tokiko merkataritzan erosketak sustatzeko, eta hauek gainerako lauak:

Saltokietan guztion osasuna bermatzeko materialen erosketak (maskarak, EPIak…) kofinantzatuko ditu Udalak, gastuen %60a bere gain hartuz, eta udal zerga eta tasen hobariak ere onartu dira zaborretan, toldoetan, errotuluetan eta ur zergan, besteak beste. Ostalaritzaren kasuan ere, tasa eta zergetan hobariak onartu dira ostalaritzari laguntzeko, pandemiak zuzenean eragin baitio: sei hilabeteko salbuespenak zaborren kasuan, eta urte osoan zehar mahai, toldo, errotulu eta uretan (zati finkoa). Bestalde, ostalariei terrazen espazioa handitzeko aukera eman zaie.

Online salmenta eta merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeko “Goierriko Azoka” proiektua jarri da martxan, eta, egoerak baimentzen duenean, herriko bizitza suspertzeko ekintza kulturalei berriro ere ekiteko aukerak aztertzen ari da Udala.

Kepa Zubiarrain alkateak adierazi duenez, “garai zailak dira gure ehun ekonomikoarentzako eta oraindik ez dakigu ziurtasunez zein izango den etorkizun hurbila, ezta alor ekonomikoan ere. Argi dugu ordea, baliabideak mugatuak badira ere, enpresek eta langileek alboan izango gaituztela, alboan izango dutela Lazkaoko Udala.”

 IMG 9063